argia.eus
INPRIMATU
Ekonomia feministari buruzko egun osoko jardunaldia antolatu du Bilgune Feministak martxoaren 25erako
  • “Gurutzada neoliberalaren aurrean feminismotik irekitzen diren erresistentzia eta alternatiben gakoak aztertzea” du helburu Bilgune Feministak, ekonomia feministaren foroaren bitartez. Hitzaldi eta tailerrak egingo dituzte egun osoan zehar eta emakumeentzat izango da.

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko martxoaren 16a

Euskal Herriko Bilgune Feministak 15. urteurrena ospatzeko eta etorkizuneko erronkak plazaratzeko hainbat ekimen antolatu du: espetxe martxa, ekonomia feminista foroa, VII. topaketa feministak eta erakundetze feministaren inguruko mintegia.

Ekonomia feminista foroa Azpeitian egingo dute, martxoaren 25ean.  Eguna hasteko kapitala eta bizitzaren arteko talkaren inguruko gogoeta kolektibo bat egingo dute. Ondoren, harreman ekonomiko, politiko eta sozial eredu berriak eraikitzeko bideak arakatuko dituzte, hainbat aditurekin, hauen artean Mari Luz Esteban gizarte antropologoa eta Helena Franco ekonomia irakaslea. Arratsaldean alternatiben eraikuntzan jarriko dute fokua, hainbat proiekturen aurkezpenaren bitartez; besteak beste, Gipuzkoa Zutik, Bartzelonako Vaga de Totes ekimena, Olatukoop eta Errekaleorreko Errekaemeak talde feminista.

“Indar bat badabil hor” lelopean aurkeztu dute jardunaldia. EHBF 15 urte webgunean izena emateko aukera dago.

Egitaraua:

15 urteren ostean, erronka berriak, baina helburu bera

2002ko apirilean sortu zuten Bilgune Feminista, “proiektu politiko nazional berri bat osatzeko beharrari erantzuteko”. Iparra argi zutela diote: “Euskal Herriaren burujabetza feminista”. VI. Topaketa Feministetan hiru erronka zehaztu zituzten: burujabetza feministaren inguruko eztabaida soziala sustatzea, ongi bizitzearen kontzeptuan sakontzea eta lidergo feminista indartsu bat ehuntzea. Erronka horiek bete dituztela ospatu nahi dute 15. urteurrenean, baita helburu berriak finkatu ere.