80 bat lagun batu dira Iruñeko Katakraken aretoan, ekonomia sozial eraldatzailearen erreferentzia bihurturiko Olatukoop sarearen hamar urteak ospatzeko. Ekonomia eta lurraldeak eraldatzeko proposamenak zehatz-mehatz aurkezteko ekimena izan da.
Aulki bakoitzaren gainean liburu bat, opari: Ekonomia eraldatzaileak. Ekonomia eta lurraldeak eraldatzeko proposamen bat. Olatukoop sareko Oscar Garcíak eta beste hainbat kidek izkiriaturikoa da. Hamar urteko ibilbidean ondutako esperientzietan oinarriturik, Ekonomia Sozial Eraldatzailearen (ESE) teoriaren eta ereduaren baitako eboluzioak eta proposamen berriak jasotzen ditu, beti ere soa geroari begira jarrita, "aurrera begira, bizitzarako ekonomia bat eraikitzeko ongarri izan dadin". Hain zuzen, sistema kapitalista eta neoliberal hegemonikoan ez bezala, bizitza bizigarriak eta ederragoak ditu xede ekonomia horrek.
Helburu horrekin sortu zuten Olatukoop 2014an eta orduz geroztik, pausoz pauso aitzina egin dute, eginez ikasiz eta ikasitakoa ingurukoei zabalduz: "Ez dugu formula magikorik, baina tresnak eta praktikak dauzkagu bidea egiteko", zioen Leire Udabe Aizpuruak bertaratutako gomitei. Hastapenetik izan du berebiziko inportantzia formazioak, eta oparituriko liburua ere bada jakintza zabaldu nahiaren froga bat gehiago. KoopFabrika deituriko ekintzailetza kooperatiboko eskola ere ezin daiteke aipatu gabe utzi. Gehiago jakin nahi duenak eskura du Urko Apaolazak idatzitako Hamar urte lanean, denontzako bizitza oparoagoaren alde erreportajea.
Bide horretan, oinarri batzuk dituzte markaturik –aitzinatu ahala egokituz ere joan direnak–: lana bizitza-proiektuaren baitan kokatzea, bizitzaren bizigarritasunean positiboki eragiten duten praktikak erdigunean jartzea, ekonomia bizitzaren zerbitzura jartzeko lana modu burujabean egitea, auto-eraketa eta harreman ez kapitalistak oinarri hartzea, baliabide produktiboen eta erabaki hartze prozesuen jabegoa eta kontrola kolektiboa bermatzea, beste eragile ekonomiko eta sozialekin interkooperazioa garatzea, finantza etikoak erabiliz eta harreman ez merkantilizatuak sustatuz, pluraltasun ekonomikoa garatzea, kapitalismoak alde batera uzten dituen bizitza eta lurraldeak erdigunera ekartzea eta etorkizun burujabeak eraikitzea, eta azkenik, iraunkortasun ekologikoa iparrorratz jartzea.
Olatukoop 2014an sortu zuten dozena bat eragilek eta hortik hamar urtera, 60tik gora kooperatiba, herrigintza elkarte eta eragile sozioekonomiko kooperatibo batzen ditu sareak –tartean, ARGIA–, orotara 600 langile eta beste ehunka kide bilduz. Urtez urte eta urratsez urrats, "praktikaren bidez lorturiko legitimitatea" azpimarratu nahi izan zuen Beñat Irasuegi Ibarrak. Normala den bezala, ez dute beti bide erraza eta lasaia izan, eta eztabaida zein oztopo batzuei ere aurre egin behar izan diete... Baina argi dute: "Ederra izan da".
Izan interkooperaziotik ala elkarlanetik, kolektiboki eta saretuz egindako bidea da Olatukoop-ena: "Gu bakarrik ez goaz inora, eta eraldaketari dagokionez, are gutiago", Udabek ohartarazi bezala. Saretze hori ederki islatu zuten, laburzki hitza hartu zuten Gezki, Lanki, Eskubide Sozialen Karta, Emagin, Katakrak, Koop57, Amillubi eta Ciutat invisible (bideoz) egituretako kideek.
Euskal Herri osoko eragileen arteko sare hori ehunduz doala, "lurraldekintzarako" saltoa egiteko nahia azaldu zieten bertaratuei: "Proiektuak sortu, hauek elkarlanean jarri eta lurralde burujabeak garatu nahi ditugu, lurralde harremanak ere elkartasunetik begiratu eta inor atzean utzi gabe. Errizomek zuhaitzak, eta zuhaitzek baso bizigarriak sortzea da gure utopia xumea". Baso bihurtuko den errizoma hori "aniztasunetik lortutako batasun bat" izan beharko duela azpimarratu zuen Gorka Julio Hurtadok.
Asmo horrekin eskura jarritako tresna batzuk ezagutzeko unea ere izan zen Katakrakeko ekitaldia. Bat aipatzearren, KoopFabrikatik sortutako KoopFabrika Hegoaldetik ekimena dugu hor, Enarak kooperatibak, Huhezi eta Olatukoopekin elkarlanean sorturikoa. Helburutzat du tresna kooperatiboa eta ekonomia sozial eraldatzailea pertsona migratuen esku uztea, beren lana antolatzeko eta bizitza-proiektuak hobetzeko.
Bizitzaren aldeko ekonomia helburu, "pitzadurak irekitzen" segitzeko gogoa berretsi zuten hamar urteen kari. Liburua esku artean, gerora begira daudelako: "Ez digute uzten pentsatzen ekonomia zer den. Liburu hau eta Olatukoop ekonomia da, eta gainera mailu bat da, gaur egungo sistema ekonomiko sozial tristea apurtzeko mailu bat", Irasuegiren hitzetan. Biharrari begira jarrita, erronka andana dituzte identifikaturik eta zehaztearren, guztiak dira potoloak: Olatukoop indartsu eta gogotsu dagoenaren froga dugu hori, duda gabe.
Batetik, eskuin muturraren gorakadari aurre eginen dion eragile gisa kokatu nahi du sareak: "Testuinguru ilun honetan, faxismoa hemen dugula, ekonomia sozial eraldatzaileak izan beharko du horri aurre egiteko elementu nagusi bat". Bestetik, Euskal Herriko lurralde ezberdinen arteko ESE konfederazio bat sortzea, zein Udalbiltza edota administrazio publikoak ekonomia sozial eraldatzailerako estrategian txertatzea ere dituzte helburuetan. Horrez gain, dela baserri, taberna, arta-etxe zein herriko denda ttipi, komunitatearentzat ezinbestekoak izan diren enpresa ttipien transmisio-ezari aurre egitea ere dute beharrezkotzat: "Gure herrietan bizitza bizigarria egin diguten eragileak desagertuz doaz. ESEak badu bere lekua, guzti hori kolektiboki eta ardura komunitariotik aurrera eramateko". Bide horretan, herri kooperatiba izan daiteke aterabide interesgarria. Azken hori, herri-egitura sozioekonomiko bat da, zeinek herritarrak nagusi izanda ere, ekonomia sozialeko eragileak, herrigintzakoak baita erakunde publikoak ere elkartzen dituen. Azkenik, gure bizitzetan leku geroz eta gehiago hartzen duen digitalizazioaren gaia ere lehentasunetan dute, burujabetzaren helburua honetan ere txertatzeko asmoz.
Guzti hori plazeretik eramateko beharra azpimarratuz edo, Rosa Luxemburgen erran bat oroitaraziz bukatu zuen ekimena Irasuegik: ez ahaztu inoiz gauza ttipi eta ederrez gozatzea.
Urriaren 17tik 19ra Burujabetzak izeneko jardunaldiak antolatu dituzte Oiartzun Burujabek eta Udalbiltzak. Tokiko esperientzia eraldatzaileak ezagutzeaz gain, Gironako alkate Lluc Salellasek eta CUPeko parlamentari-ohi Mireia Vehík ere parte hartuko dute hitzaldi banatan.
Ekonomia Sozial Eraldatzailearen Sareak, Olatukoopek, hamar urte bete ditu, eta larunbatean festa egin dute Donostian, sareko kide eta partaideen artean. Ekonomia eta kooperatibismoa beste ikuspegi batez landu litezkeela aldarrikatu (eta frogatu) dute: herrigintzatik, herritar... [+]
Olatukoopek beste hainbat eragilerekin batera garatu duen proiektu nagusienetako bat KoopFabrika da, ekintzailetza soziala bultzatzeko helburuz 2017an sorturiko programa, eta gaur egun oraindik martxan dagoena.
Hasiera batean, lehenengo ideia izan zen ekonomia... [+]
Gizartea eraldatzeko helburuz jaio zen Ekonomia Sozial Eraldatzailearen mugimendua Euskal Herrian duela hamar urte, Olatukoop sarean bilduta. Denbora honetan ez da gutxi egindakoa: hamaika kooperatiba eta ekimen jarri dituzte martxan, eta sarea zabaldu egin da. Baina erronkak... [+]
Hegoaldetik ekimena pertsona migratuei ekonomia sozial eraldatzailea hurbiltzeko jaio zen 2023ko ekainean, Enarak kooperatiba, OlatuKoop eta Lankiren eskutik. Geroztik ari da bidea egiten, formazio saioak eskaini nahi ditu eta Katalunian izandako esperientziak konpartitu... [+]
Olatukoopeko kideak Montehermoso kulturunean bilduko dira larunbatean, Saretze Egunean. Gasteizen eta Araban ekonomia eraldatzailera hurbildu nahi duten eragileekin "harremanak jostea" izango da helburua.
Koopfabrikak antolatuta, Lurraldeak eta kooperatibak. Katalunia eta Euskal Herriko esperientziak jardunaldia egingo dute otsailaren 18an Oñatin, Arantzazun.
Urriaren 21ean, Oreretan Mundu Berri bat Euskal Herritik Jardunaldia burutuko du Olatukoopek. Euskal Herrian zehar sortzen ari diren tokiko ekosistema eraldatzaileak izango dira protagonista: bakoitza bere lurraldeko errealitate eta beharretara dago egokitua, baina denek... [+]
Gizartea hobetuko duen proiekturen bat martxan jarri nahian ari denak, samurrago eta gozagarriago egingo du bidea besteen esperientziaz lagunduta eta taldearen babesean. Horretarako, zabalik du Koopfabrikan izena emateko epea: bi formazio aldi daude aukeran, lehena, azaron eta... [+]
Gorka Julio, zerbitzu finantzario etikoak eta solidarioak eskaintzen dituen Koop57 EH-ko kide da. Baita Talaios kooperatibako eta Olatukoop ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kidea ere. Olatukoopek funts mankomunatua sortu du Koop57ren laguntzaz, Olatukoopeko kide diren... [+]