Ostegun honetan Elizondon elkartuko dira Euskal Herriko ekonomia eraldatzaileko kooperatiba eta eragileak, esperientziak partekatu eta, besteak beste, interkooperazioaz hitz egiteko. Hirugarren aldia da mugaz gaindiko topaketa egiten dela.
Euskal Herriko Ekonomia Eraldatzailaren Mugaz Gaindiko Topaketa egingo dute hirugarrenez Elizondon ostegun honetan, otsailaren 23an. Bidasoaren bi aldeetan lanean diharduten hainbat elkarte eta kooperatibek elkarlanean antolaturiko ekimena da, Olatukoop ekonomia eraldatzaileko sarearen babesa du, Baztango Udalarena, eta baita Pirinioetako Estrategiaren europar funtsen laguntza ere.
Arizkuenea kulturetxean emango zaio hasiera topaketari goizeko 10:00etan. Lankidetza moldeak aztertuko dituzte, esperientziak trukatzea eta eragile ekonomikoen saretzea helburu. Besteak beste, hainbat adibide ezagutuko dituzte goizean, eta interkooperazioari buruzko tailerrak ere egingo dituzte: "Zein kooperazio xede ikusten dugu geroari begira?", galderari erantzuten saiatuko dira. Goiz osoko topaketa bazkariarekin amaituko dute bertaratuek.
Hirugarren topaketa
Aurretik beste bitan egin dituzte mugaz gaindiko ekonomia eraldatzailearen topaketak; lehena 2019an Hendaian, eta bigarrena Elizondon bertan, 2021ean. Hala, beste behin ere, "muga bera harreman ekonomiko eraldatzaileen bitartez gainditu, eta tokiko garapena lan eta bizitzeko eremu partekatuan eraikitzeko gure alea jarriko dugu", azaldu dute topaketako antolaketan dabiltzan Beñat Irasuegik eta Amandine Lafferrairiek.
Topaketan izena emateko epea zabalik dago oraindik eta formularioa betez egin daiteke.