argia.eus
INPRIMATU
Ekonomia eraldatzailea bultzatzeko egitasmoa abian da berriz Beterri-Buruntza eskualdean
  • Beterri Saretuz egitasmoa berriz ere martxan da eta Andoainen egingo dute lehen topaketa eskualdeko enpresa, hezkuntza eragile eta erakundeen artean. Ekonomia eraldatzailearen balioetan eta partaidetzan oinarrituriko jendartea bultzatzea dute asmo.

ARGIA @argia 2023ko urtarrilaren 18a
Eskualdeko hezkuntza eragileko partaideak ere biltzen ditu Beterri Saretuz egitasmoak (argazkia: Beterri Saretuz)

Ekonomia sozial eraldatzaileari loturiko ereduak hedatzen ari dira pixkanaka Euskal Herrian eta Beterri-Buruntza eskualdean ere ari dira norabide horretan pausoak ematen. 2019az geroztik martxan den Beterri Saretuz egitasmoak ekonomia eraldatzailearen balioekin funtzionatuko duen jendarte eta ekosistema enpresarial bat bultzatzea du helburu. Aurtengo lehengo topaketa Andoainen egingo dute, Martin Ugalde Kultur Parkean.

Topaketan, egitasmoaren partaideek harremanak estutzeaz gain hainbat gairen inguruan hausnartuko dute, proiektu bezala izan beharreko izaera juridikoaz, funtzionamenduaz edo finantzaketaz, besteak beste.

Formazioa da Beterri Saretuzek urtero landu izan duen arloetako bat, eta aurtengo saioak zein diren zehaztuko dute lehen topaketa honetan. Horrez gain, hezkuntza eragileekin ere lanketa berezia egiten ari dira, eskualdeko zentroetan ekonomia sozial eraldatzailea zer den ezagutarazteko, esaterako.

Asteazkeneko topaketan, sarrera hitzaldirako Debagoiena 2030 egitasmoko kideak gonbidatu dituzte, eskualde hartan lurraldearen garapen komunitario bat bultzatzea helburu duen sare irekia.

Parte hartzeko izena eman behar da eta, jakinarazi dutenez, oraindik aukera badago beren webgunean sartuta.