argia.eus
INPRIMATU
Ekonomia bertokiratzetik zonbiak hiltzerainoko planak dituzte Amikuzen otsailean
  • Amikuzeko Zabalik elkartearen otsail ostegunetako zita klasiko bihurtzeko bidean da. Aurten zer antolatu duten iragarri dute eta, gaien ugaritasuna eta gaurkotasuna ikusirik, emango dute zeresan franko.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2015eko urtarrilaren 28a
'Joxean's hil eben' filmarekin bukatuko dira aurtengo Otsail Ostegunak Amikuzen.

Otsailaren 5ean hasiko dira jardunaldiak, “Ekonomiaren bertokiratzea eta lurraldearen gaintasuna” izenburupean. Bestelako ekonomia eredua bultzatzen duten esperientzien berri emango da, Euskoa eta I-Ener ekimenak bultzatu dituzten Xebax Christy eta Patxi Bergararekin.

Astebete geroago, otsailaren 12an, Pello Zubiria ARGIAko kazetariak azalduko du nola egin dion aurre Paleodietan oinarritutako elikaduraren bidez eta apiterapia baliatuz bere gaixotasunari, industria farmazeutikoaren menpean erori gabe.

Zer da zuzen kantatzea?

Marie Hirigoien eta Pantxix Bidart etorriko dira Donapaleuko Xerbitxugunean eginen den hirugarren gaualdira. Otsailaren 19an izango da. Gaia: “Zuzen kantatzea libreki kantatzea balitz?”. Hirigoienek tesia egina du euskal kantu monodikoari buruz eta horrekin lotutako azalpenak emanen ditu. Ez da kantatzeko aukerarik faltako, Bidarten musikaz lagundurik.

Otsailaren 26an bukatuko da aurtengo programa, Ataun of the dead eta Joxean’s hil eben filmen proiekzioarekin: zonbi karlistak protagonista dituzten lan horien egileak Donapaleuko zineman izango dira filmaren aurkezten.