Urtarrila baino lehen 100.000 euro lortzen ez badituzte, otsailetik aurrera jantokia ixteko arriskuan legoke. Jendarteari eta Nafarroako erakundeei laguntza eskatuz, SOS Paris 365 kanpaina abiatu dute
Gizakia Herritar /Paris 365 fundazioak SOS deia zabaldu du gaur goizean (abenbuak 12) egin duen prentsaurrekoan. Ekonomiari dagokionez “larri” daudela adierazi dute fundazioaren ordezkariek eta, epe laburrean aparteko diru sarrerarik ez badute lortzen, Paris 365 jantoki soziala ixteko arriskuan dagoela azpimarratu dute. Patxi Lasa presidenteak azaldu duenez, fundazioak 67.000 euroko defizita metatua zuen irail hondarrerako. Zergatik? Alde batetik finantza erakundeen fundazioetatik eta instituzioetatik jasotzen zituzten diru sarrerak izoztu edo murriztu egin direlako eta, bertzalde, enpresa eta partikularren donazioen beherakadagatik. Hori dela eta, SOS Paris 365 izeneko kanpaina abian jarri dute.
Fundazioak 100.000 euro behar ditu urtarrila baino lehen gaur egun dituen Elikadura Baliabideak (jantoki solidarioa, oinarrizko saskia eta zopa beroa) salbatzeko eta, bidenabar, diru-gordekin bat sortzeko: Gainerakoan, astero 600 pertsona jasotzen dituen jantokia (horietatik 240 adingabeak) itxi egin beharko dute otsailetik aurrera.
Lehentasuntzat hartu dute elikadura baliabideak –jantokia, despentsa eta zopa beroa– mantentzea, eta horretarako, neurri batzuk hartu dituzte dagoeneko. Zuzendaritza eta administrazio pertsonala murriztu dute; Catering Paris 365 itxi egin dute eta jantokiko sukaldean kozinatzen hasi dira; Garabato izeneko ikasketa komunitateak apirilerako bere aurrekontua betetzen ez badu, ixteko aukera mahaigaineratu dute, eta gradualki itxiko dute etxebizitzen zerbitzua ere.
Aurten, gainera, hamar urte beteko ditu fundazioak, eta, nabarmendu dutenez, hamar urteren ostean, eskaintzen dituen zerbitzuak guztiz premiazkoak izaten segitzen dute: “Hasieran behar bat zegoen, gaur egun bada, eta aurrera begira ere beharrak hor segituko duela uste dugu”, adierazi du Sofia Anton elikadura baliabideen arduradunak. «Azken hilabeteotan eskaria handitu egin da» gaineratu du. Eskaria handitzearen arrazoiak hainbat dira; batetik neguan handitu egiten delako generalean, Iruñeko auzoetatik eta zerbitzu sozialetatik ere jasotzen dituztelako prekarietatean dauden pertsonak, eta gero eta gehiago direlako etxebizitza bat izateko arazoa duten pertsonak. Hortaz, oinarrizko beharrizan horiei erantzuna emateko premia dutela azpimarratu du.
Ziurtatu dute beren asmoa dela bertze aukera bat topatzea baliabiderik gabe geldituko diren pertsonentzat eta, era berean, saiatuko direla bertze entitate batzuek segida eman diezaiotela orain behin-behineko etxebizitza emateko dituzten baliabideei. Egoera horren aitzinean, laguntza eskatu diote jendarteari eta administrazioari, eta honako banku kontu hauek eman dituzte, nahi duen orok bere aportazioa egiteko:
Rural Kutxa: ES51 3008 0073 1519 0772 3629
La Caixa: ES45 2100 2173 8002 0043 4503
Laboral Kutxa: ES79 3035 0039 3203 9005 0715