argia.eus
INPRIMATU
Ekonomia alternatiboari buruzko jardunaldiak antolatu dituzte Bidasoaldean
  • Bidazi kontsumo taldeak Ekonomia alternatiboa eta solidarioa jardunaldiak antolatu ditu. Fiare banku etikoa eta Coop57 finantzazio eredua izango dituzte mintzagai nagusi, egungo eredu ekonomikoak "alternatibarik baduela" erakusteko asmoz.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2013ko uztailaren 16a
Fiare banku etikoaz mintzatuko dira jardunaldietan, besteak beste.

Beran TrukeAdos denbora-bankuari buruz aritu ziren uztailaren 11n. Gaur, Lesakan da hitzordua, 19:00etatik aurrera. Banku etikoa izango da ardatza, horretarako Con tu dinero dokumentala proiektatuko dute eta ondoren gaiaz eztabaidatzeko aukera izango da. Horrez gain, Fiare banku etikoaren aukera jarriko dute mahai gainean. "Inoiz galdetu al diogu gure buruari zer egiten duten bankuek gure diruarekin? –diote antolatzaileek– Adibide bat paratzekotan, anitzetan ez dakigu bankuetariko anitzek gure dirua gerretan eta arma-merkatuan inbertitzen dutela. Banku eredu horren alternatiba dugu Fiare banku etikoa, erabaki ekonomiko guztiak erabaki etikoak diren oinarrian erakia".

Uztailaren 18an, 19:00etatik aurrera, Irunen prestatu dute azken ekitaldia eta Coop57 ekimena aurkeztuko dute bertan. Coop57 Katalunian sortu zen duela urte batzuk eta proiektu etiko eta sozialen finantzazioaz arduratzen dira. Euskal Herrira zabaltzekotan dira orain eta ekimen honi esker, finantzazio arazoak izan ditzaketen proiektu solidarioak aurrera atera daitezke.

Bidazi, tokiko kontsumo arduratsuaren alde

Tratamentu kimikorik gabeko janarien ekoizpena, erabilera eta kontzientzia sustatzeko jaio da Bidazi, eta hori guztia "unibertsoko legeekiko errespetu handiz eta urtaroen erritmoekin bat eginez". Bertako merkatua da helburuetako bat, inguruan ekoiztutako jakien kontsumoa bultzatzen baitute. Irabazi asmorik gabeko elkartea da eta "ekoizleen eta kontsumitzaileen giza harremanak zaintzen" dituzte.