argia.eus
INPRIMATU
Ekologistak Martxanek lau bandera beltz “ezarri” ditu Gipuzkoa eta Bizkaiko kostan
  • Kutsadura eta kudeaketa txarrak azaleratzen dituen txostena aurkeztu dute ekologistek. Kostaldeko lau puntu “egoera txarrean” daudela salatu dute.

Jon Ander De la Hoz Arregi @delarregi 2016ko ekainaren 14a
Besteren artean, Lagako hondartzari eman dio bandera beltza Ekologistak Martxanek (Argazkia: Beltxo84-CC BY SA).

Kostaldearen egoera aztertzen duen Bandera Beltzen txostena aurkeztu du Ekologistak Martxanek Bilbon –Espainiar estatu osokoa Madrilen aurkeztu dute– eta salatu du Bizkaia eta Gipuzkoako kostaldeko lau puntu “egoera txarrean” aurkitzen direla. Muskiz, Laga eta Laida, Oribarzar hondartza eta Oriako itsasadarra dira gune horiek.

Arrazoi ezberdinak medio erabaki dute bandera beltzak ematea; Muskizen eta Oribarzarren, kutsaduragatik. Lehendabizikoaren kasuan, Petronorren findegiak sortzen dituen kalteak salatu ditu elkarte ekologistak. Orioko Oribarzar hondartza, aldiz, bertan egiten diren isurketengatik sartu dute txostenean, eta azpimarratu dute “debekatua dagoela bertan bainua hartzea”.

Bere aldetik, kudeaketa txarra dela-eta agertzen dira txostenean Laida eta Laga Bizkaiko hondartzak  eta Oriako itsasadarra. Bi hondartzei dagokienez, adierazi dute 2015eko denboraleek eragindako ondorioekin egindako kudeaketa txarrari aurten Eusko Jaurlaritzak Urdaibaiko biosfera erreserban egindako aldaketak gehitu zaizkiola. Zehaztu dute erabakiak erabilerak aldatu eta babeserako zenbait neurri kenduko dituela.

Oriako itsadarrean, berriz, Munto urbanizazio proiektuari eman diote bandera beltza. Epaitegietatik planaren aurkako sententzia jaso arren, urpean geratu daitekeen gunean 200 etxebizitza egiteko asmoarekin aurrera jarraitzen dutela salatu du Ekologistak Martxanek.