argia.eus
INPRIMATU
Ekologistak Martxan taldeak Bilbon bertan Egirletako zabortegian lindanoa dagoela salatu du
  • Hondakin arriskutsuen kudeaketa eta lindanoz kutsatutako zabortegiei buruzko ikerketarekin jarraitzen du Ekologistak Martxan taldeak. Oraingo honetan, gaztelaniazko Alto de Santo Domingo izenez ezagunagoa den Egirletan dagoen zakartegian aurkitu du lindanoa elkarte ekologistak. Zabortegia itxita dago jada, baina han lagatako substantziek urak eta inguruan bizi diren pertsonak kutsatzen jarrai dezakete.

Ekologistak Martxan @ekologistak 2020ko apirilaren 10
(Argazkia: Ekologistak Martxan)

Enekurin topatutakoaren ondoren, elkarte ekologistak hexakloroziklohexanoa (lindanoa) aurkitzen duen Bilboko bigarren zakartegia da hau: Egirleta edo Santo Domingokoa. Zabortegia dagoeneko itxita egon arren, han lagatako substantziek urak eta inguruan bizi diren pertsonak kutsatzen jarrai dezakete.

Eusko Jaurlaritzak, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren bitartez, bazekien hexakloroziklohexanoa (HCH) zegoela. Ekologistak Martxan taldeak froga atxikitu ez ezik, irregulartasun hauek ere jaso ditu salaketan:

“Lehentasuna duen substantzia arriskutsu batengatik zabortegiko kutsadura salatzen dugu (…). Bertan, produktuon kalteak jasan ditzakeen etxebizitza bat dago, baita telekomunikazio instalazio bat eremu kutsatu horren gainean ere. (…) Lurzoru kutsatuen legeak agintzen duen arren, ez dirudi sustatzaileek ezer jakinarazi dutenik. (…) Hortaz, kokagune horretarako sarbidea zelatatuta eta mugatuta egon beharko litzateke".

Ez da elkarte ekologistak arrazoi berberagatik salaketa jartzen duen lehen aldia. Horrela egin zuen Bilbon bertan kokatutako Enekuriko zabortegian, Lemoizko Jatakoan, Regatoko Modorretakoan eta Etxeulikoan, Santurtzin. Aipatutako kasu guztietan, administrazioak bazekien lindanoak eragindako kutsaduraren berri salaketak jarri aurretik. Halere, ez zuen eta ez du ezer egin lindanoaren sakabanaketa eta eraginak saihesteko.

Horregatik, Ekologistak Martxan taldeak salatu du “kutsaduraren jakinaren gainean zegoen administrazioaren jarrera, baita horrek ondorioak zuzentzeko edo txikiagotzeko inolako neurririk ere hartu ez izana”.