Nekazaritzaren eta agroekologiaren bueltako mugimenduak, sindikatuak, erakunde ekologistak eta beste hamaika taldek mobilizazioa egin zuten abendu bukaeran Nafarroako Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuaren aurrean. “Dekretu honi ez” lelopean, ekoizpen ekologikoaren ziurtapen publikoaren defentsa egin zuten, eta guztira 50 erakunde eta pertsona eragilek baino gehiagok babestu dute adierazpena. Mirian Otxotorena Nafarroako Nekazaritzako Produkzio Ekologikoaren Kontseiluko (NNPEK) lehendakariarekin hitz egin dugu gaiaz.
Zeintzuk dira dekretu berriak dakartzan aldaketa nagusiak?
Aldaketa oso potenteak dakartza. Batetik, orain arte NNPEK zen Nafarroan ekologikoen ziurtapenean kontrol-agintaritza zuen autoritate bakarra, eredu publikoa genuen. Argitaratu duten dekretu berri horretan, berriz, ez gara autoritate bakartzat agertzen, beste entitate batzuei, publiko zein pribatu, marko juridikoa eman diete kontrol ekologikoan jarduteko.
Ziurtapena pribatizatzeko arriskua dakar dekretuak, beraz?
Bai, hori da egiten diogun kritika eta salaketetako bat. NNPEK entitate publikoa da, eta dekretu berriak kontseilua autoritate bakartzat ez hartuta, pribatuei ere ziurtapenerako ateak irekiko lizkieke, eta horrek bere arriskuak ditu. Beste zenbait lekutan justu kontrako norabidean ari dira: Aragoin, esaterako, pribatuei ateak ixteko dekretua atera berri dute, ziurtapenean eredu publikoaren eta pribatuaren bizikidetza ez delako batere positiboa izan.
Nola funtzionatu du orain arte Nafarroan ekologikoen ziurtapenak?
Edozein soro, elikagai edo produktu, dena NNPEKtik pasatzen zen, eta hori ziurtatzen zuen bakarrak ginen. Garrantzitsua da aipatzea kontseilua nekazarien esku dagoen organoa dela, organo demokratikoa, eta, aldi berean, administrazioaren kontrolak izaten dituela: ziurtapenerako arauak jarraitu behar ditu. Orain arte kudeaketa guk egiten genuen, eta ez ginen ziurtapenaren alorrean bakarrik aritzen, beste atal batzuk ere lantzen ditugu: promozioa, proiektuak…
Beste alor horietan ere eskumena murriztuko lioke NNPEKri dekretu berriak, ezta?
Hori da, promozio lanera –eta baldintza batzuk betez gero, ziurtapenera– mugatuko litzateke kontseiluaren lana dekretu berriaren arabera. Orain arte, baina, NNPEK bezala ahalmena genuen formakuzioak eta aholkularitza emateko, sektore ekologikoari laguntza emateko, eta horri esker sortu dira Nafarroako proiektu garrantzitsu asko: Iruñeko Geltoki, Ekoalde, Hazialdeko… proiektu horiek guztiak ere estrategikoak dira guretzat.
Zer eskatzen diozue Nafarroako Gobernuari?
Dekretua gelditzeko eskatzen diogu, prozesuarekin aurrera ez jarraitzeko. Dekretu berria planteatu daiteke, baina elkarlanean egina eta adostua izan behar du, nekazaritza ekologikoa bultzatzeko zein behar ditugun ongi aztertuta. Azaroan egin zuen publiko gobernuak dekretu berria, prozesua hortik Nafarroako Kontseilura doa, eta handik bueltatzean, dagoen bezala aurrera egin dezake edo aldaketak egin ditzakete.
Borondaterik baldin badago, aldaketak egiteko garaiz da oraindik.