Eguneroko jardueretan euskaraz egin nahi eta horretarako aukerarik ematen ez digutenean nola kudeatu egoerok? EkoLinguA mahai jokoak egoera linguistikoei aurre egiteko argudioak sendotzen lagundu nahi du.
Hizkuntza ekologiaren diskurtsoa du oinarri EkoLinguA (Ekologia Linguistikoaren bidezko hizkuntza komunitatearen Ahalduntzea) solas jokoak. Taldean aritzekoa da eta hizkuntza biziberritzeko oinarrizko kontzeptuak, argibideak, galderak eta erronkak lantzen dituzte parte-hartzaileek. Eztabaida sortu eta argudioak lantzeko baliabideak eskaintzen ditu jokoak. Euskaraz eta gaztelaniaz dago EkoLinguA.
Mahai jokoa DiKomA proiektuaren emaitzetako bat da. Egitasmo honen helburua hizkuntza komunitatea trinkotzea eta ahalduntzea da, eta horretarako hizkuntza ekologiaren diskurtsoan oinarritzen da.
Proiektua Eusko Ikaskuntzak eta Soziolinguistika Klusterrak garatu dute, eta ondoko bidelagunak izan dituzte, besteak beste: Elhuyar, EHU, Bermeo, Zumaia, Oñati eta Errenteriako udalerriak, HUHEZI, Topagunea eta UEMA.