Gipuzkoako Biolur elkarteak iaz aurkeztu zuen Duina ikerketa proiektuaren txostena. Baratzegintza ekologikoko esperientzia desberdinen diagnostikoa egin zuten bertan, hainbat alor kontuan hartuta: ekonomikoa, ingurumenekoa, bizi baldintzena, zaintzena eta beste. Denbora eta datu ekonomikoak jaso zituzten ikerketan, elikagai ekologikoen ekoizpen kostuak eta prezioen arteko alderaketak eginda. Ikerketa jendarteratzeko, baina, hainbat bide jorratzen ari dira: martxoan, esaterako, Ekoizpen Duina Kontsumo Herrikoia sukaldaritza saioa egin zuten. Ikasturtea hasi berri den honetan, gaia haurrekin lantzeko beste proposamen interesgarri bat dute esku artean: eskola komunitaterako Sukaldean Kontu Kontari material didaktikoa.
Hamabi labore landu zituzten Duina proiektuan, horien ekoizpen kostua eta duinak izango liratekeen prezioak aztertuta. Labore horiek oinarri hartuta osatu dute material zabalgarria, Irrimarrak egindako ilustrazio koloretsuz lagunduta. “Osagai eta plater bakoitzaren prestaketak zenbat balio duen kalkulatzeko ariketak aurkituko ditugu, elikadura eta bizitza duinagoak garatzen lagunduz”, diote webgunean materialaz. Biolur elkarteko Maider Zubikarai Beristainek azaldu duenez, batik bat 7 eta 12 urte arteko haurrei zuzenduta dago, Lehen Hezkuntzako lehen, bigarren eta hirugarren mailako ikasleei.
“Ariketa matematikoez gain, laboreak garaika daude antolatuta, eta bakoitzarekin errezeta bat planteatzen da. Beraz, matematika, ingurumena, elikadura eta beste gai asko lantzeko joko asko ematen du materialak”, adierazi du Zubikaraik. Izan ere, elikagaien balioa haurrekin lantzeari, orokorrean, garrantzia gutxi ematen zaiola sumatzen dute taldean. “Deskonexioa dago horren inguruan. Garrantzitsua da umeekin elikagaien balioaz eta kostuaz hitz egitea, gaiari lehentasuna ematea”, gehitu du Mirene Begiristain Zubillaga taldekideak. Are gehiago, kontuan izanda azken 30 urteotan familiako gastuetan erdira jaitsi dela elikadurarena.
Materialaren aurkezpena Bergarako San Martin eskolan egin zuten iazko abenduan, Ereindajan proiektuarekin eta bertako guraso elkartearekin elkarlanean. “Harrera oso ona izan zuen materialak, dinamizaziorako inplikazioa ere handia izan zelako”, diote bultzatzaileek. Tokiko aliantzekin elkarlanean, materiala herri eta eskola gehiagotara zabaltzeko helburua dute orain. “Eskolentzat ez ezik, guraso elkarteentzat, familientzat eta hezkuntza mailako eragileentzat da interesgarria materiala, eta zabaltzea nahiko genuke”.
Zazpi euroan eskura daiteke materiala –bost euroan Biolurreko kideentzat–, elkartearekin harremanetan jarriz. Biolur.eus webgunean topatuko du informazio guztia interesa duenak.