Duela hiru bat urte hasi zen Ipar Euskal Herriko Arrapitz Federazioa laborantza iraunkorraren inguruko beste hainbat elkarte eta talderekin lanean, errestaurazio kolektiboko profesionalei bertako eta kalitatezko produktuak saltzeko bide berriak aztertzen. Bilatze horretatik sortu da Iparlab proiektua. “Laborarion aldetik, ikusten genuen salmenta sare batzuk ez direla sakonki landuak izan, kantina eta jatetxeena, esaterako. Haiengana iristeko plataforma eta logistika sortzea izan da ideia”, azaldu du Argitxu Iturria barazki ekoizleak eta proiektuko kideak.
Honezkero lanean ari diren laborariei ez ezik, instalatu nahi duten belaunaldi gazteagoei ere bultzada ematea da proiektuaren asmoa, eta baita Iparraldean kalitatezko laborantza bultzatzea eta honezkero martxan diren sareak indartzea ere. “Iparlaben parte izateko hainbat baldintza jarri ditugu kalitate aldetik: fruitu eta barazkien kasuan, biologikoan ari behar dute, edo Idoki edo bertako kalitatezko labelak errespetatu”, dio Iturriak. Proiektuaren parte diren 40 bat ekoizle bost sailetan banatuta daude: barazkiak, esnekiak, haragia, hegaztia eta epizeria. Sail horietako bakoitzak bere lantaldea du, prezioak adosteko.
“Bestetik, trazabilitateari ere garrantzia handia ematen diogu. Gure bezero profesionalak, badaki produktua nondik heldu den, alegia, Iparlab-en etiketaz gain, laborariarena ere badarama”, gehitu du ekoizleak. Errestaurazio kolektiboari begirako eskaintza eta banaketa egiten du Iparlab-ek: jatetxeak, kantinak, zahar-etxeak, haurtzaindegiak… “Ekoizleok lehenagotik lan egiten genuen profesional horiekin, baina jatetxe batek bertako produktuak nahi bazituen deitu beharra zuen baratzezaina alde batetik, gasnagilea bestetik… orain, gune berean denak atzematen ditu. Komanda bat, librantza bat”, adierazi du. Webgunean egiten dute erosketa bateratua profesionalek, eta erosketa guztia jasotzen dute Iparlabi esker.
Proiektua definitzeko eta antolatzeko hiru urteko lanketa egin dute bultzatzaileek, eta horretarako lanpostu bat sortu zuen Arrapitz federazioak. Postu hori, dena den, Euskal Hirigune Elkargoari esker finantzatu dute. “Hor argi ikusten dugu nahikari politikoa badelarik gauzak aitzinaratzen ahal direla”, dio Iturriak. Joan den urtetik, ordea, Iparlabeko langilea plataformak berak finantzatzen du, egiten dituen salmentetatik zati bat proiektura bideratuz.
Momentuz 40 laborari inguru batu dira proiektura, eta banaketak Ipar Euskal Herri osoan barna egiten dituzte. Etorkizunera begira, dena den, proiektuko ateak laborari berrientzat zabalik daudela azpimarratu du kideak. Ekoizle eta laborarien lankarga elkarlanaren bidez arintzeko aukerak badirenaren eredu da Iparlab, Euskal Herriko antzeko beste zenbait proiekturekin batera.