argia.eus
INPRIMATU
"Basoan" merkatu organikoa
Ekoizle txiki ekologikoen produktuak saltzen dituen denda Getxon
  • "Getxoko hiriaren erdian baso txiki bat sortu nahi izan dut, hurbileko ekoizle txikien eta artisauen produktu ekologikoz osatutakoa”. Horrela azaldu du Nerea Santurtun Moreno dendaren sortzaileak Basoan proiektua. Bere bizitzako ibilbideak eraman du gaur egun merkatu organikoa irekitzera. Erdi euskaldun eta erdi asturiarra da bera, sukaldaria, eta Norvegian egin ditu urte asko: “Beti produktu organikoekin egin izan dut lan; sukaldean ari nintzen orain arte, baina konfinamendu garaian denda irekitzearen ideiari bueltaka hasi nintzen”. Pentsatu eta egin. Sei hilabeteko ibilbide laburra du Basoan merkatuak, baina pozik dago izaten ari den erantzunarekin.

Garazi Zabaleta 2021eko martxoaren 12a

Ekoizle txiki eta artisauekin aritzen da lanean Santurtun, eredu ekologikoan ekoizten dutenekin. Bere jatorri asturiarra dela-eta, bertako produktuez gain hangoak ere eskaintzen ditu dendan. “Ekoizle txikiek mimo handiz egindako gauzak aurki daitezke hemen, ahal den heinean hurbilekoak direnak, baina bertan ez dauden produktuak kanpotik ekartzen ditugu”.

Hurbileko ekoizleekin zuzeneko harremana du gazteak. Esaterako, Bakioko Ekorlegikoei hartzen dizkie barazki freskoak, Arabako LarratEKOri patatak, Arrietako Olatxuko Laboreei marmeladak eta pateak… “Ekoizle txikiak interesatzen zaizkit, gaur egun ‘bio’rako joera handia baitago, baina askotan enpresa handiak daude atzean eta horiek ez dute ekoizle txikia laguntzen”. Merkatuan aurkituko ditugun zenbait produktuk ez dute zigilu ekologikorik, ekoizpen txikia duten ekoizleei askotan ez zaielako errentagarri: “Produktuen ibilbideari ematen diot nik garrantzia gehien, trazabilitateari eta jasangarritasunari”. Denetik aurki daiteke Basoan: ogia, barazki freskoak, arrain kontserbak, olioa, drogeria eta garbiketa produktuak… saskia beteta atera daitezke bezeroak.

Formazioa eta sentsibilizazioa

Konfinamenduaren ondoren ireki zuen Getxoko denda Santurtunek, eta oraindik martxa hartzen ari dela aitortu du. Aurrera begira, dena dela, dendakoaz gain bestelako zerbitzuak ere eskaini nahi ditu: “Eramateko janaria prestatzeko sukaldea martxan jartzea da proiektuaren beste hanka, eta horretarako gune bat prestatua daukat dendan”.

Gune horri bizia ematea eta tailer eta ikastaroak antolatzea da bere helburua: sukaldaritza makrobiotikoa, glutenik gabekoa… Egungo neurri zorrotzak direla-eta, ez du oraindik aukerarik izan horrelakorik antolatzeko, baina hurrengo hilabeteetan horri ere ekitea espero du sukaldariak. “Gune honek nire bizi filosofiarekin bat egiten du: gastronomiari begirako hezkuntza bultzatzea du asmo, garrantzitsua baita zer jaten dugun jakitea, aukeratzea, eta nork eta nola ekoizten duen ezagutzea”.