argia.eus
INPRIMATU
Ekofeminismoaz, motozerra eskutan
  • Duela hilabete inguru, unibertsitateko kide gizonezko baten liburu aurkezpenean ginela, egoera bitxi samarra gertatu zitzaigun. Ekologiari buruzko liburua zen eta erreferentzien artean hainbat pentsalari ekofeminista zeuden. Egileak, baina, inongo momentuan ez zuen aipatu pentsalari horiek feministak zirenik, eta, beraz, ez zion erreferentziarik egin pentsamendu-korronte ekofeministari. Aitortza falta horri buruz galdetu nionean, halako batean, "pentsalari femeninoak" aipatu zituen. Lanak izan nituen aurpegi neutroari eusteko. Noski, ulertarazi genion kontua ez zela pentsaera femeninoa zutenik (norbaitek ba al daki hori zer den?), baizik eta ikuspegi feminista zutela eta ez ziola horri aitortzarik egin.

Marta Barba Gassó 2024ko ekainaren 17a

Oker horren atzean arrazoi asko egon daitezkeen arren, askotan kezka sortu didan kontu batera eraman ninduen ni. Ekofeminismoa, maiz, emakumeekin lotua izan da, eta emakumeak feminitatearekin. Beraz, ondorio logiko-ziztrin bati jarraika, ekofeminismoa eta feminitatea eskutik azaldu zaizkigu askotan. Ekofeminismoarekin lotu diren emakumeen balizko-berezko enpatia, naturarekiko gertutasuna, bizitzarekiko konexioa eta abarren zerrenda luzea datorkit burura. Edo amatasunak, ugalketa sexualak eta heterosexualak, eta familia nuklearrak ekofeminismoan hainbatetan izan duten zentraltasuna.

Horrek guztiak, besteak beste,  ekofeminismotik urrun mantendu nau urtetan. Nire egunerokoak zenbait ekofeminismoren ikuspegietatik oso gertu kokatu arren, ez dut sentitu feminitate horrekin identifikatzen ez garen pertsonentzat tokia zegoenik. Azken urteotan, baina, pixkanaka hainbat ekofeminismotara gerturatzen joan naiz, inspiratzaile izan ditudan irakurketen bidez, zein han-hemenka sortu diren ekimen eta ekintzen bidez. Bide horretan ulertu dut ekofeminismoa ez dela halabeharrez feminitatea eta berezko-balizko emakumetasun batekin lotu behar. Ekofeminismo batzuek ikuspegi esentzialista izan badute ere, denek ez dute izan, eta beste batzuen begirada interesatuak izan dira ekofeminismoa, orokorrean, ikuspegi partzial bakar horrekin lotu dutenak. Tamalez, horren ondorioz ekofeminismoaren eragin-esparrua mugatu da eta horrekiko mesfidantzak elikatu dira.

Baina ekofeminismoan edo horren bueltan bestelako praktika, diskurtso eta esperientziak ere aurkitu ditut eta aurki ditzakegu, inguruari parez pare eta arduraz begiratzeaz gain, feminitate heteronormatiboa hausten eta hortik askatzen lagungarri izan ahal zaizkigunak. Gure iruditegian azken horien falta dugulakoan nago. Duela hilabete batzuk kide nekazari batek galdegiten zuen zergatik ekofeminismoari lotutako ekimenetan ez zeuden motozerra-mekanika edo traktore-mekanika tailerrak. Non daude makinak erabiltzen dituzten emakume edo genero-disidenteak ekofeminismoaren iruditegian? Eta, non daude elkarbizitza eta zaintzak familiatik kanpo, era komunitarioan, eta bestelako animaliekin batera antolatzen dituztenak? Edo, Itoitzeko kableen mozketa ekimenaz harago, zenbatek entzun du zerbait borroka berean bi emakumeen artean egindako sabotaiei buruz?

Nire iritziz, ekofeminismoak biozida eta ekozida den sistema kapitalista, kolonialista, arrazista eta matxistari aurre egingo badio, sistema horren oinarri diren heteroarautik eta genero normatiboetatik at izango da. Badugu nondik edan horretarako, bai pentsamenduaren arloan, bai ekintzaren eta herri mugimenduen arloan; baina, nago, batzuetan, gure erreferentzia propioak identifikatzea eta aitortzea falta zaigula. Eta hori elikatzen ez dugun bitartean, pentsalari ekofeministak pentsamendu femeninoarekin nahasten jarraituko du askok eta askok.