argia.eus
INPRIMATU
Ekitaldiak eta aldarrikapenak, martxoaren 3ko sarraskitik 41 urte beteko direnean
  • Ostiralean, martxoaren 3an, 41 urte beteko dira Espainiako Poliziak Pedro Maria Martinez, Francisco Aznar, Romualdo Barroso, José Castillo eta Bienvenido Perea Gasteizko Zarama auzoan erail zituenetik. Aurten ere, mobilizazio ugari egongo dira; ostiralean ez ezik, astean zehar ere ekimen ugari antolatu dituzte.

Hala Bedi @halabedi 2017ko martxoaren 01a

Ostiralean ez ezik, astean zehar ere ekimen ezberdinak egongo dira Gasteizen. Gasteizko Ikasle Mugimenduak, astelehenean hasi eta ostiralean amaituko den “Aste Gorria” antolatu du. Besteak beste, sarraskiaren 41. urteurrenean, ekitaldia egingo dute 11:00etan Gasteizko Kanpusean.

Errekaleorren ere omenaldia eskainiko diete Martxoren 3ko borrokalariei. Ostegunean egingo dute ekitaldia, arratsaldeko 20:00etan auzoko zineman. 1976an erahil zuten Barroso auzokidea izango dute gogoan, besteak beste. Luntx bat ere egongo da auzo askeko bizilagunen partetik.

Epaitegiek Martxoaren 3ko krimenak preskribatuta zeudela erabaki ostean, Frankismoaren Aurkako Euskal Plataformako kideek elkarretaratzea deitu dute: martxoaren 2an, ostegunean, izango da. Eragile, sindikatu eta alderdiek bertan parte hartzeko deia egin dute. 12:00etan izango da, Gasteizko epaitegien aurrean.

Martxoaren 3ko ekitaldi nagusiak arratsaldean izango dira. Gazte Blokea Santa maria kanotitik abiatuko da arratsaldeko 18:00etan, Martxoaren 3ko plazan amaitzeko. Euskal Herriko gehiengo sindikalak, beste behin ere, ekitaldia antolatu du 18:30tan Martxoaren 3ko plazan; ostean, 19:00etan, Andra maria Zuriaren plazan amaituko den mobilizazioa hasiko da plazatik bertatik.

Jarraipena Hala Bediren eskutik

Hala Bedik ere egun ezberdinen jarraipena egingo du, sare sozialak baliatuz horretarako. Traola nagusia #M3moria izango bada ere, #OroimenetikGaraipenera traola ere sare sozialetan mugitzen hasi da.

Gasteizko Ikasle Mugimenduak mahainguru eta ekitaldi ezberdinak egingo ditu aste guztian zehar
Inpunitatearen aurkako elkarretaratzea egingo dute ostegunean Gasteizko epaitegietan.
Errekaleor Auzo Askean omenaldia egingo diete Martxoaren 3ko borrokalariei.
Gazte blokea ostiralean, Martxoaren 3ko mobilizazio nagusiarekin bat egiteko.
Sindikatuek hartuko dute protagonismoa martxoaren 3ko arratsaldean: omenaldia eta manifestazioa.

 Albiste hau Hala Bedik argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.