Donostia eta Irun arteko AHTren ibilbidea zabaldu asmoz, egunotan desjabetzeak ari dira gauzatzen. Horren aurrean, makroproiektuaren aurkako ekintzaile talde batek protestak deitu ditu.
"AHTrik ez" eta "Desjabetzerik ez, AHTren dirua behar sozialentzat" lelodun pankartak gainean, ekintzaile talde bat Lezoko Udaleko Kulturgelan sartu zen astearte arratsaldean, bertan adostear ziren desjabetzeak oztopatu asmoz. Ekintzaile taldeak helarazitako oharrean zehazten denez, "Lezoko udalaren babespean sinatzekoak ziren desjabetzeak", Irun eta Donostia arteko ibilbide zatian AHTari bidea zabaldu asmoz.
"Hainbat administraziotako funtzionarioak" udaletxean bilduta zirela, bilkura eten zuen ekintzaile taldeak. Behar sozialak handiak diren garai hauetan halako proiektuek diru xahuketa, garapenkeria eta lurra txikitzea dakartela salatu zuten. Presioaren ondorioz bilkura bertan behera uztea lortu zuten. Hala ere, protesta ez dute amaitutzat eman, eta mobilizazio gehiago deitu dituzte, jakinik "egunotan ari direla Irun eta Donostia arteko trenbideen zabaltze lanetarako desjabetzeak ospatzen". Hala bada, asteazken goizeko 09:30ean Oreretako Udalaren aurrekaldean elkarretaratzea egin dute, eta ostegunean Oiartzungo Udalaren parean bilduko dira 17:30ean.