Lesbia Urquiaren gorpua zabortegi batean botata aurkitu dute, Telesurren arabera. Proiektu hidroelektriko baten aurkako borrokan murgilduta zegoen COPINHeko aktibista.
Naturaren eta indigenen eskubideen aldeko beste aktibista bat erail dute Hondurasen. Iragan martxoan Berta Cáceres COPINH (Consejo Cívico de Organizaciones Populares e Indígenas de Honduras, gazteleraz) elkarteko presidentea hil zuten. Oraingoan, taldeko horretako kide bat: Lesbia Urquia.
Azkenaldian, proiektu hidroelektriko bat geratzeko borrokan sartuta zegoen Urquia, eta talde ekologistak horrekin lotu du gertakaria: “COPINHen naturaren defentsan ari garenok desagerrarazteko plan bat abiatu dute”.
Horrez gain, adierazi dute Hondurasko Gobernua Marcalako –bertan agertu da gorpua– herritarrekin batzartu dela azken egunetan, kontsultak ahalbidetzeko lege proiektuaren harira. COPINHek eta Urquiak urte luzez eskatutako lege proiektua da.
Feminizidio politikoa
COPINHek “feminizidio politikotzat” jo du hilketa. “Planeta suntsitzen ari den sistema patriarkal, arrazista eta kapitalistari aurka eginez euren eskubideak ausardiaz defendatzen dituzten emakumeen ahotsa isilarazi nahi dute”, adierazi du elkarte ekologistak ohar baten bidez.
Lehen informazioen arabera, Urquia aizkora batekin buruan jota erail dute. Ez da bortizkeriaz hiltzen duten lehen ekintzaile ekologista: 2002 eta 2014 artean, naturaren alde lanean ari ziren 111 lagun asesinatu zituzten Hondurasen.