2010ean atxilo hartu eta torturak salatu zituzten bost lagunak epaiketa bidean dira orain. Auzi politikoekin amaitzeko kanpaina abiatuko dute.
Patxi Arratibelek polizia-etxean herioan zela idatzitako Aztnugal –laguntza, alderantziz– hitza torturaren kontrako sinbolo gisa erabili dute Ekin-ekoak izatea egotzita 4/2014 sumarioan auzipetuta dauden Arratibel berak, Gorka Mayo, Iñigo Gonzalez, Gorka Zabala eta Iker Morenok. #aztnugal kanpainaren ondotik, “epaiketa politikoen biolentziarekin” amaitzeko eskatuko dute orain.
Apirilaren 14an epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean lau lagunak, eta Nafarroan Espainiako Gobernuko Ordezkaritzak duen egoitzaren aurrean azaldu dute epaiketa bitartean abiatuko duten ekimena: herritarrei eskatu diete internet bidez argazkia bidaltzeko torturak eta epaiketa politikoak salatu eta auzipetuei elkartasuna adierazteko.
Twiterren #aztnugal1000aurpegi traola erabiliz edota aztnugal1000aurpegi@gmail.com posta elektronikoz helarazi daiteke argazkia.
Bestalde, apirilaren 9an Iñigo Iruin eta Amaia Izko abokatuek salbuespen legediaz hitzaldia emango dute Iruñeko Kondestable Jauregian. Apirilaren 6an, berriz, Nafarroako Parlamentuan jorratuko dute gaia eta Nafarroako arartekoarekin ere bilduko dira beste auzi politiko batean epaitu behar dituzten hainbat kiderekin batera.