Euskal kulturako berritasunak ezagutu nahi dituenak eta egile zein argitaletxeei zuzenean erosi nahi dizkienak urtean zehar baditu hainbat azoka eta ekimen aukeran. Urte askotako tradizioa dute horietako batzuek eta berriagoak dira besteak; tematikoak dira horietako asko eta orokorrak besteak... bakoitzak ditu bere ezaugarriak eta elkarren arteko harremanak elikatzen dituzte Doinuele sarean. Urtarrilaren 9an Ziburuko Baltsan elkartean egin duten prentsaurrekoan elkarrekin aurkeztu dituzte aurtengo data zehatzak: orain arteko zortzi ekimenei bederatzigarrena gehitu zaie, Oiartzungo Hitzen Lihoa.
"Azokak janzten gaitu!" mezua zabaldu dute Doinueleko kideek kapela, zapi eta gainerako prenden artean, antzezpenetik ere izan duen prentsaurrekoan: "Jantzi, gorputza, burua, barru eta kanpo egin beharra dagoelako, arropa ez da nahikoa, janzteko. Liburuek ere janzten gaituzte".
Urtean zehar Euskal Herrian nork bere gustuen araberako kultur lanez janzteko badela aukera nabarmendu dute. 2023an zortzi ekimen elkartuta sortu zuten Doinuele sarea, eta aurten bederatzigarren bat gehitu da. Hauek dira 2025ean bisitatu ditzakegun ekimenak, ia hilero bada bat lau lurraldetan:
Urtarrilean (H)ilbeltza. 20tik 26ra Baztanen nobela beltza eta gai horri buruzko hainbat ekimen berezi.
Martxoan Geure Gelatik. Azkoitian 27tik 29rako asteburuan emakumeek idatzitako liburuen azoka eta ekimenak.
Apirilean Sormene ekimenak Galdakaon.
Maiatzean Literaturia. Zarautzen 23tik 25erako asteburuan kultur sorkuntzek hartuko dituzte kaleak eta azoka.
Ekainean Ziburuko azoka. 7an, lehen larunbatean, euskara hutsezko liburu eta diskoek beteko dute herriko plaza eta liburu aurkezpen, kontzertua zein gainerako ekimenak gozatzeko aukera egongo da.
Irailean (H)azoka. Hernanin 27an, larunbatarekin, euskara hutsezko liburu eta diskoen azoka aterbetuko du Atxegindegi plazak eta liburu aurkezpenak, kontzertuak eta hainbat ekimen izango dira aukeran.
Urrian Ikusi Mikusi. Saran haur eta gazte literaturan murgiltzeko aukera 11n eta 12an, eta haur zein gazteei zuzendutako hainbat emanaldi ere bai.
Azaroan Hitzen Lihoa. Oiartzunen 12tik 16ra liburu azoka eta gai bat ardatz hartuta horren bueltako kultur ekimen bereziak.
Abenduan Lazkaoko azoka. 12tik 14ra Olentzeroren zakua euskarazko liburu zein diskoz betetzeko aukera eta hainbat kultur ekitaldi.
Kazetariek galdetu dute hiru urte hauetako bidean Doinuele sareko kide izanda zer irabazi duen herriko ekimen bakoitzak. Adierazi dute sarean partekatzen dituela herri bakoitzak dituen zailtasunak eta egiteko moduak eta besteengandik ikasteko aukera ematen diela. Horrez gain, "nazio mailako sare bat osatzeak ematen digu bakoitza ez bere txokoan bakartuta sentitzea" adierazi du Doinueleko beste kide batek. Sare honi esker bi herriren arteko elkarlana gauzatu dela jakinarazi dute, "Ikusi Mikusiko kide batzuk lan egin dugu Ziburuko Azokan eta trukean berdin. Aurrera begira beste herri gehiagoren artean sortu daitezke horrelako elkarlanak".
Sareak aurten kide bat gehiago duela baloratu dute, izan ere, Oiartzungo Hitzen Lihoak bere urteroko ekimenei gehitu die azoka eta horrela, Doinuele sareko kide egin da.