argia.eus
INPRIMATU
Ekida sozialiston kultur ekimena sortu dute
  • Ikuspuntu sozialistatik landutako artearen eta kulturaren aterpe izan nahi duen ekimenak webgune formatuan eman ditu lehen pausoak, nahiz eta hedabide-izaera gainditzeko asmoak agertu dituen. Otsaila eta martxoan hainbat aurkezpen data iragarri dituzte.

Amaia Lekunberri Ansola 2021eko otsailaren 08a

Kultur industriak eta haren ekoizpenek mundu-ikuskera kapitalista hedatu eta azpirakuntza kulturala eragiten dutela iritzirik, artea eta kultura perspektiba sozialistatik jorratzeko ekimena jarri dute abian: Ekida sozialiston kultur ekimena.

Bultzatzaileek azaldu dutenez, “azken urteotan Euskal Herrian garatu den borondate sozialistaren baitan” kultura ikuspegi sozialistatik jorratzeko egon diren saiakerei erantzuten die ekimenak. Hain zuzen ere, hitzaldi, mahai-inguru eta abarretan partekatutako intuizio eta hausnarketei heldu eta hausnarketari “jarraipena, egitura eta teilatua” eman nahi die Ekidak. “Ezinegon eta grina horiek guztiak modu bateratuan lantzeko espazio bat izateko borondatea dauka”, azaldu dute.

Webgune formatuan jaio da ekimena, eta aurreratu dutenez arteari eta kulturari buruzko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kritikak argitaratuko dituzte bertan, bai eta ekoizpen artistikoak ere. Hedabide-izaeraz ezagutzera eman bada ere, etorkizun hurbilean bestelako proiektuen akuilu ere izan nahi luke.

Azpirakuntza kulturala jopuntuan

Gizarte kapitalista gainditzea ahalbidetzeko asmoa duen antolakuntza komunistaren printzipioak kultur eremura ere zabaldu beharra dagoela ulertzen dute bultzatzaileek, eta asmo horri segiz jaio da Ekida, zeinaren xede nagusiak diren “apatiarekin eta indibidualismoarekin haustea eta iraultza sozialistarekin konprometitutako artistek gizarte kapitalistak inposatutako esanahiak eta formak zalantzan jarriko dituen arte-ekoizpen propio baten eraikuntzari ekiteko espazioa ematea”.

Aurkezpen oharrean zehazten denez, “langileok kulturalki ere bagara azpiratuak: ez gara gai gizarte kapitalistatik haragoko ezer pentsatzeko, inpotentziak eta frustrazioak betetzen dute gure bizimodua, eta horixe kontatzen dute gure arte-espresioek, egoera horren gainditzea irudikatzen lagundu beharrean. Gainera, kultur mundua bera ere inoizko despolitizatuen ageri zaigu. Ez dago elitismoaz eta azaleko alternatibismo faltsuaz haragoko eztabaidarik ia, eta arte ekoizpena nostalgian eta indibidualismoan gotortu da”. Horren aurrean, ikuspegi sozialista kontrajarri nahi diote kultura ulertzeko modu nagusituari, bilatuz kultur eremuan “eztabaida politikoa berpiztea, kritika sustatzea, eta forma artistiko berriak garatzea”.

Aurkezpenak

Sarearen bidez eman du bere burua ezagutzera Ekidak, baina datozen egunetan aurkezpenak egiteko asmotan dira. Lau data dituzte lotuak otsailerako: hilaren 12an Bergaran, 18:00etan (lekua zehazteke); 17an Bilbon, 19:00etan 7Katu gaztetxean; 18an Donostian, 18:00etan San Jeronimo kaleko aretoan; eta 26an Iruñean, 18:00etan Katakrak liburu-dendan. Martxoaren 14an, aldiz, Zarauzko Putzuzulo gaztetxean egingo dute aurkezpena, 11:00etan.