argia.eus
INPRIMATU
Barrura begirako filmak: emakume zinegileak konfinamenduan
Ekialdeko iruditeriak
  • Berrogeialdiak berrogeialdia gainditu duen honetan, konfinamenduari lotutako emakumeen filmen zerrenda sortaldera begira jarri dugu. Akermanen erraiei Kawaseren barruek hartu diote lekua, Durasen literatura filmikoak jarraiki.

Ainhoa GutiƩrrez del Pozo 2020ko apirilaren 28a
Naomi Kawaseren Tarachime.

Naomi Kawase (Nara, Japonia, 1969) zinegile eta artista japoniarrak fikzio eta dokumentalen artean aritzeaz gain, egunerokoa, saiakera, bideo-artea eta zinema-meditazioa ere jorratu ditu bere obra zabalean. Badute bere lanek identitatearen eta jatorrien bilaketa bat, zeinak bizitza intimoa lehen planora ekarrarazten dion. Argazkilaria formakuntzaz, kamerarekiko lotura estua nabari zaio filmetan.

Jaiotza, amatasuna eta zahartzearen inguruan mintzo da Kawase Tarachime (Japonia, 2006) lanean. Traumen eta maitasunaren artean, ama papera bete duen izeba zaharraren –berak amona deituko dio– intimotasunean sarrarazten gaitu, zimurren, azal-eroriaren eta jada desirarik sortzen ez duen gorputzaren mugak gaindituta. Kawasek bere sorkuntzaren galderak ditu, eta amonaren erantzunen eta biluzien artean bilatu beharko ditu. Minak gainditzeko modua izan daiteke, amonak onartzen baitu "ez zuela Naomi erditu, baina haur ekarri zuela". Eszenaratzea ez da beti erosoa, eta irudiek zuzenki interpelatzen dute zentzu komuna. Sostengu eta abandonuaren arteko dantza da, baita zuzendariaren prozesua ere, alaba izatetik ama izatera. Iraganean ulertu behar dira etorkizunean egitekoak.

Handik urte gutxira filmatutakoak dira In between days (Katalunia-Japonia, 2009) laneko eskutitzak. Isaki Lacuestarekin batera (Girona, 1975) burututako lana da, non bakoitzak besteari norberaren eguneroko eta inguruak bidaltzen dizkion, ikus-entzunezko gutunen bitartez. Guztira zazpi dira trukatutako laburrak, eta elkarri kontatutakoez haratago, eskutitzen artean igarotako denborak hartzen du garrantzia, hortik obraren izena (euskaraz Egunen artean). Tarte horietan irakurtzen da obra, baita zinegileen arteko elkar-ezagutzea ere. Lacuestaren irudiak lehenengoz hitz egin zuteneko biharamunean filmatutakoak dira, eta Kawaseren azkenek, euren arteko azken egonaldia kontatzen dute. Filmak normalean kanpoan eta ezezagunaren inguruan egitearen inguruko gogoeta gisa ere uler daitezke.

 

'Le navire night', Marguerite Durasen filma.

Handik 4.000 bat kilometrora jaio zen mende erdi lehenago Marguerite Duras (Saigon, 1914 - Paris, 1996). Nerabea zela itzuli zen Frantziara, bertakoa baitzen familia, eta zinegile eta idazle gisa izan zen ezaguna. Liburu eta zinema-gidoi ezagunak idatziak ditu –esaterako, Alain Resnaisen Hiroshima mon amour (Frantzia, 1959) filmekoa–, eta zineman dituen lanek agerikoa dute hori. Kontakizunaren eta irudien artean mugitzen da, bi ildo horiek bateratu, gurutzatu, nahiz bananduta.

Imajina eta hitzen arteko jolas horretan filmatu zuen, hain zuzen ere, Le navire night (Frantzia, 1979). Ahotsek gau paristarrean elkarri deitzen dioten pertsonaia anonimoen maitasun istorioa kontatzen dute, non telefono-linea ilegalak erabilita elkar ezagutu eta harremantzen diren. Tinder analogikoa litzateke. Irudiek jenderik gabeko kaleak erakusten dituzte batetik, eta etxe barruan dauden pertsonaia batzuk, bestetik. Jakin-minak gidatzen ditu bai errelatoa, baita etxekoen nondik norakoa ere, esanahi bateragarri askotarako bidea zabalik utziz. Filma egitearen prozesua eta eszenaratzea agerian dira, baina ikusleak soilik uler dezake zertarako.

Aurrekoaren norabidea hartuta, film ertaina du Durasek L'homme atlantique (Frantzia, 1981). Itsasotik gertu dagoen etxean sartuta, errodatzea biluztua da zuzendariaren ekintzetan. Gizonezko batek eraikineko gelak zeharkatzen ditu, aginduak jarraituta batzuetan, eta bere kabuz, besteetan. Filmaren hasieran Durasek dio: "Lasai, ahaztuko duzu kamera". Ez dakigu, ordea, bigarren pertsona hori gu garen edo aktorea den, off ahotsa filmaren barnera eta kanpora baitoa. Paisaian ageri den ausentzia da hitzen saminezko oroitzapena; eta filmaren inguruko gogoetek osatzen dute filma. Fikzioaren eta dokumentalaren arteko muga lausoa da, Durasen hitzetan "fenomeno fotografikoa baita bizitza".

Urrun egon daitezke elkarrengandik historian eta bizilekuetan bi artistak, baita hitzaren erabileran nahiz enkoadraketan. Kasu honetan, ordea, barneko espazioen baldintzak elkartu ditu, eta nago, ez dela elkarren artean aurki dezakegun antzekotasun bakarra. Ikuslearen testigantzaren bilaketa da, agian, elkar ditzakeen zubi hirukoitza. Hain zuzen ere, hainbat ozeano gaindi ditzakeen zubia.