argia.eus
INPRIMATU
Eki ikasmaterialaren bertsio digitala, bigarren hezkuntzan erabiltzeko prest
  • Hezkuntza eragile ugarik duela hamarkada bat adostu zuten Euskal Curriculumaren garapena da Eki proiektua, ikastolek sortua. DBHrako Ekiren bertsio guztiz digitala aurkeztu berri du Ikaselkar argitaletxeak: euskarri digitalean material pedagogiko hau erabili ahalko dute nahi duten ikasgelek, irailetik aurrera.

ARGIA @argia 2015eko ekainaren 15a

Lau oinarri ditu Eki ikasmaterialak: Euskal Curriculuma, konpetentziak (edukiak ikastea baino gehiago, ikasitako edukiak bizimoduko egoera anitzetan erabiltzen ikastea), integrazioaren pedagogia (ikasleek benetako egoera esanguratsuen aurrean irtenbideak aurkitzen ikastea), eta Informazio eta Komunikazio Teknologiak.

Bi ikasturte dira material berria ikastoletan erabiltzen hasi zirenetik eta ikasgelako dinamika nabarmen aldatu dela dio Ikastolen Federazioak. Ikasleen parte-hartzea, bakarka edo talde kooperatiboetan, areagotu egin dela eta ikasteko motibazioak gora egin duela azpimarratu dute.

Hezkuntzak egun bizi dituen bi erronka nagusienetakoei heltzea da asmoa: konpetentzietan oinarritutako pedagogian sakontzea batetik, eta digitalizaziorako saltoa ematea, bestetik.