Krisitik babesteko asmoz, bertakotasuna eta jasangarritasuna sustatzea helburu duen tokiko txanpona jaiotzear da. Ekhi 2014ko urtarrilean jarriko dute martxan Bilboko Zazpikaleetan. Txanpona Bizkaian hedatzen joatea da asmoa, tokian tokiko lantaldeak sortuz.
Elkartrukea eta auzolana bultzatu nahi dituen tresna da Ekhi, eta lau balore nagusitan oinarritzen da, ekimenaren webgunean zehazten denez: justizia soziala, jasangarritasuna, genero berdintasuna, eta euskara eta kulturaren sustapena.
Txanponarekin bat egiten duten enpresek balio horiekiko adostasuna erakutsi beharko dute eta konpromiso zehatzak ere eskatuko dizkiete enpresoi, banku etikoen edo energia berriztagarrien erabilera, adibidez.
Ekhi elkarteak kudeatuko du tokiko txanpona eta 1, 5, 10 eta 20 Ekhiko billeteak salduko dizkie kontsumitzaileei. Billeteak sareko saltokietan edo elkarteen egoitzetan erosi ahal izango dira eta Ekhi batek euro baten balioa izango du. Herritarrek bertako saltokietan erabiliko dituzte billeteak eta billeteen iraungitzeak berauen erabilera sustatuko du.
Euro baten trukean Ekhi bat eskuratzen dugun bakoitzean, 3 zentimo monetaren gizarte-funtsera bideratuko dira, hasieran aipaturiko baloreekin bat egiten duten herri mugimendu eta elkarteen egitasmoak finantzatzeko.
Ekimenaren bultzatzaileek nabarmendu dutenez, "gaur egun hamar eurotatik bederatzi finantza merkatuetan pilatzen dira, ekonomia errealak diru urritasun kronikoa bizi duen bitartean. Diru gehiena 'ezerezetik' sortzen dute banku pribatuek eta, bitarteko izatetik, helburu izatera igaro da. Azkeneko helburua dirua pilatzea da, horrela interes gehiago eskatu ahal izateko eta diruarekin diru gehiago sortzen jarraitzeko, honek ekonomia neurri gabe haztera derrigortzen duelarik, planeta urratuz. Gure helburua egoera hau maila lokaletik iraultzea da, jatorrian diruak izan zuen helburua berreskuratuz: benetazko ekonomiarentzat eta herritarrentzat elkartrukerako tresna izatea".
Informazio gehiago:
Ekhi txanpona baino lehen izan dira antzeko esperientziak Euskal Herrian, Euskoa adibidez. Gaiari buruzko informazio ugari aurkituko duzu Euskoa kanalean.