Aurten ere Euskal Kultur Erakundea aktiboki ariko da Ipar Euskal Herrian euskarazko antzerkiaren hedapenaren alde. 2022ko otsailetik ekainera, emanaldi ugari eskainiko dira Azkaine, Baiona, Bidarte, Ziburu, Hendaia, Maule eta Donibane Lohizune hirietan. Gure lurraldean barna ibiltzeko eta gure artistengana joateko aukera paregabea, hobeki berriz elkartzeko.
Ibilki programaren hamargarren edizio honekin, EKEk euskal antzerkia Iparraldean hedatzen segitzen du. Erran behar da urtez urte kalitatezko proposamen anitz ateratzen direla, gero eta ikusle gehiago bilduz.
Aurtengo lehen seihilekoean, Iparraldeko ikusgarri geletan ibiliko dira zazpi konpainia, dozena bat emanaldi eskainiz, hala nola Baionan, Hendaian, Ziburun, Azkainen, Donibane Lohizunen eta Biriatun, jakinez jadanik hainbat antzezlan programatuak direla bigarren urte erdiarentzat. Emaitza oparo horiek ezinezkoak lirateke euskal antzerkiaren alde engaiatuak diren herri horiek gabe. Bihotzez eskertu nahi ditugu.
Egoera sanitarioa ikusirik, ikusgarrien antolatzaileekin harremanetan sartzea komeni da tokien aintzinetik erreserbatzeko.