argia.eus
INPRIMATU
Ekartzekoak ote?
  • “Igandeko emaitzak ezin dira balizko foru hauteskundeetara ekarri”, gaztigatu zigun Yolanda Barcinak duela hiru egun, maiatzaren 23an. Gauza bera erran du Sergio Sayas UPNko komunikazio idazkariak: emaitzak ez dira ekartzekoak, “Nafarroako alderdi nagusia (UPN) ez baita aurkeztu”.

Santi Leoné @ororostorm 2014ko maiatzaren 26a

Nolanahi ere, PP lehendabiziko indarra izan da Nafarroan, eta jarleku gehienak eskuratu ditu Espainian. Halere, lehendabizikoa izatea eta garaile izatea ez da berdin, toki guzietan nabarmen egin baitu atzera Espainia kudeatzen duen alderdiak. EHBildu, berriz, Nafarroako bigarren indarra izatera pasatu da, eta PSN hirugarrena.

Iduri luke murrizketak eta eskandaluak (eta, haien aitzinean, ustezko oposizioaren erantzun argirik eza) hasi direla faktura pasatzen bi alderdi nagusiei. Horrek, segur aski, hemendik 2015eko hauteskunde bitarte, estrategia bikoitza ekarriko du UPNren partetik: batetik, keinu batzuen bidez saiatuko da PPtik (hondoratzeko bidean dagoen itsasontzitik, alegia) bere burua bereizten; eta, bertzetik, eginahal guziak eginen ditu EHBilduren garaipen batek ekarriko lukeen hondamendia erakusteko (eta, beraz, identitate ikurren ingurura eramanen du borroka segur aski). Beraz, fin jokatzea egokitzen zaie orain abertzaleei, atzoko emaitza onak atxiki nahi baldin badituzte. Nafarroan, naski, hau baita galdera: nafar arruntei (hori zer nahi den ere) zer inporta zaie gehiago, ebats diezaieten edo ikurrin bat jar diezaieten txupinazoan? Eta erantzuna, tamalez, ez dago batere argi.