Ekaitz Samaniego preso dago lerro hauek idazten ari naizela, baina preso ohia izango da testua argitaratzerako. 2012ko urtarrilaren 14an ikusi nuen azkenengoz kalean. Manifestazio jendetsu baten ostean eraman zuen Ertzaintzak, bi aste ezkutuan eman ostean. Ehunka herritarren amorru, maitasun eta ezintasun malkoen artean.
Orduko bizipenak burubihotzean iltzatuta geratu zaizkigu babes eta salaketa kanpaina desobediente hartan parte hartu genuen guztioi: lagunak, militantzia kideak, gasteiztar solidarioak, Domi, Txiro eta gainontzeko senideak. Aurore Martinen aldeko ekimena igaroa zen ordurako, gerora etorriko ziren Oreretako gazteen aldekoa eta Donostia, Ondarroa, Iruñea, Loiola eta Gasteizko herri harresiak, besteak beste. Haien ahalmen askatzailea behar beste zukutu aurretik eten ziren esperientzia haiek.
Samaniego kalean da. Zortzi urtetako zigorra oso-osorik eta lekutan bete ondoren. Espainiako Auzitegi Nazionalak ezarri zion zigorra eta Gorenak berretsi. Frogatzat onartuta, esaterako, izar gorridun kamiseta bat (izardun kamiseta; beraz SEGIkoa; beraz terrorista). Ekaitzek ez du izango barkamenik, ez erreparaziorik, ez aitortzarik. Hau irakurtzen denerako, ordea, maitasuna eta esker ona adierazia izango diogu askok Gasteizko kaleetan eta Gaztetxean –demokraziak eta demokratek baimenduz gero beti ere, amen–. Kalean dago Samaniego, baina 250 kide barruan utzita.
Denbora aurka doa gatazkaren ondorioen eremuan. Samaniegoren irteerak euskal preso politikoen batez besteko adin kezkagarri altua are gehiago igoko du. Jose Ramón López de Abetxuko preso gaixo ohiak Gasteizko Unibertsitateko Campusean eman zuen hitzaldian, gazte asko zegoen entzule –inkisizio politiko mediatikoak hauspotuta, esango nuke–. Zer ote dira euskal preso politikoak gatazka armatua bizi izan ez duten gazte hauentzat, zer lotura politiko edo emozional mota senti dezakete haiekin? Presoekin eta iheslariekin bestelako garai batzuen borrokak edo sinpleki bizipenak partekatzen ditugun aurreko belaunaldiok, behintzat, ez ditzagula espetxean, erbestean edo ahanzturan galtzen utzi. Ardura historiko eta kolektiboa dago hor, bakoitzak jakingo du zer neurritan eta nola interpelatzen dion. Ospatu dezagun azken egunetan Agurtzane Delgadok, Jon Urretabizkaiak, Xabier Tximenok eta Ekaitz Samaniegok berreskuratutako askatasuna; borrokatu dezagun beste guztiena. Askozaz gehiago beharko da, baina momentuz bederen, bete ditzagun Bilboko kaleak eta Baionako karrikak urtarrilaren 11n.