argia.eus
INPRIMATU
Ekaitz Samaniego espetxez aldatuko dute
  • Murtzia I espetxeko Tratamendu Batzordeak proposatu du hura Euskal Herrira gerturatzea, eta Zuerara (Zaragoza) lekualdatuko dute.

Hala Bedi @halabedi 2019ko ekainaren 18a

Espainiako Espetxe Zuzendaritzako Idazkaritza Nagusiak jakinarazi duenez, Murtzia I espetxeko Tratamendu Batzordeak proposatu du hura Euskal Herrira gerturatzea, eta Zuerara (Zaragoza) lekualdatuko dute, baina oraindik ez  dute mugitu. Dispertsatuta jarraituko du beraz.

Urtarrilaren 14an zazpi urte bete ziren Ekaitz Samaniego gazte gasteiztarra espetxeratu zutenetik. Espainiako Auzitegi Gorenak Segiko kide izateagatik zortzi urteko espetxe zigorra ezarri zion Samaniegori eta, egoera salatzeko, espetxera ez aurkeztea erabaki zuen, Gasteizko Los Angeles elizan itxialdi bat burutuz. Orduan azaldu zuen bazekiela espetxeratuko zutela baina salaketarekin aurrera jarraituko zuela.

2012ko urtarrilaren 14an, larunbatean, elizatik alde egin ostean, manifestazio jendetsu bat antolatu zen Arabako hiriburuan gaztearen eta eskubide zibil eta politikoen alde. Samaniegok berak gogoratu zuen haren eta beste askoren egeora: "Tamalez, asko daude nire egoeran, eta beste ugari espero gaizto horretan".

2018ko urtarrilean bete zituen zigorraren hiru laurdenak eta, printzipioz, 2020ko urtarrilean irtengo da espetxetik.

Jose Angel Otxoa de Eriberi hirugarren gradua

Bestalde, Espetxe Zuzendaritzak onartu egin du hirugarren gradua ematea Jose Angel Otxoa de Eribe Landa preso politiko arabarrari. Hala jakinarazi du ere egunkari berdinak.

2000ko urtarriletik dago preso, eta 30 urteko zigorra ezarri zioten. 2016ko abenduan bete zituen zigorraren hiru laurdenak. Castello I kartzelan dago, eta bertako espetxeko Tratamendu Batzordeak proposatu du gradu aldaketa, espetxe-araudiko 104.4 artikulua jarraituz.

Artikulu horren arabera, "mediku txostenen arabera gaixotasun sendaezinak" hirugarren gradua izan dezakete presoek, "duintasun pertsonalagatik".