Joan dira All In Da Hauseko hiru final aurrekoak. Oñati, Gernika eta Hendaiako Gaztetxeetaraino iritsi da freestyle txapelketaren bederatzigarren edizioa. Orain arte egindako bide honen balorazio positiboa egiten dute antolatzaileek, "Euskal Herriko txoko hauetan, preso politikoen aldarria erdigunean jarri bai da". Aurten lehen aldia da All In Da Haus Oñatin eta Hendaian egiten dela. Pozez, harrotasunez eta ilusio handiz kontatu digu Ekaitz Samaniegok nolakoak izan ziren saio hauek.
Osatu da urtarrilaren 25eko finalean kantuan ibiliko den seikotea: Gezu, Sosi, Paula, Yoller, Kazz eta Jaio. Urtarrilaren 25ean kantuan izango dira. Bederatzigarren saio honetan berritasunak badaude ere, "preso politiko guztien askatasuna aldarrikatzea" da erdigunean mantentzen dena.
Seikoteaz gain, gai emaile Elur Maluta eta Rizzo izango dira "festari bizia" ematen. Oraingoz, Nerepe eta Ines egongo dira aldiz epaimahaian. Epaileek helburu dute "publikoari gustatzen zaion pike sanoa sortzea". Izan ere, "lehiakortasunik gabeko giroa" aldarrikatzen dute All In De Hausen. "Lehia oso jatorra" sortzen da saio hauetan, freestyle eta raparekin lotu ohi diren "oilar bataila" giroetatik urrun. Ekaitz Samaniego antolatzailearen hitzetan, "In Da Hausen inor ez doa irabazi ezin daitekeen zerbait irabaztera".
Apustu polit batekin datoz oraingo finalera. Rap Showcase Arabarra antolatu dute aurten. Araban raparen munduan ibiltzen diren gazteek parte hartuko dute bertan: Nerepe, Urtzi, Txuti, Kemena, KRD Krudo, Amy… "Motibazio handiarekin antolatu eta egin" dituzten haien euskarazko testuak aurkeztuko dituzte txandaka showcasean, Samaniegoren esanetan.
18:30ean irekiko dizkio ateak Gasteizko Gaztetxeak All In Da Hauseko bederatzigarren edizio honi. 19:00etan hasiko da freestyle saioa sei sailkatuekin. 21:30ean showcase arabarrak hartuko du eszenarioa, eta bukatzeko, 22:30ean freestyle finala izango da.
Gehiago jakin nahi ezkero, elkarrizketa osoa hemen entzungai: