Europar Batasunean hilekoaren minaren ondoriozko baja aitortu duen lehen estatua da Espainiakoa. Abortuaren Legearen erreformak jaso ditu neurriok.
Ekainaren 1etik aurrera baja eskatu ahal izango da Hego Euskal Herrian hileko mingarriengatik, abortuagatik eta haurdunaldiagatik. Espainiako Diputatuen Kongresuak otsailean onartu zuen Abortuaren Legearen erreformak jaso ditu neurriok.
Hilekoaren minagatiko baja aitortzen duen Europar Batasuneko lehen estatua da Espainiakoa. Endometriosiak, miomek edo obario polikistikoek eragindako hileko mingarriak dituzten emakumeek hartu ahal izango dute baja, eta ez zaie aurretiazko kotizaziorik eskatuko. Neurriak ez dakar denbora zehaztapenik, medikuaren araberakoa izango da.
%100a ordainduko du Gizarte Segurantzak, lehen egunetik. Orain arte gaixo-baimena eska zitekeen arrazoi horiengatik, baina laugarren egunetik aurrera kobratzen zen (lan-hitzarmenaren arabera, betiere). Baja horrengatik kaleratuko balute langileren bat, enpresa kaleratzea bertan behera uztera behartuta egongo litzateke.
Abortuaren eta haurdunaldiaren bajak
Haurdunaldiaren kasuan, 39. astetik aurrera eskatu ahal izango da baja, eta horrek ez du eragingo amatasun bajaren hamasei asteetan. Lehen orotara hamasei aste har zitezkeen haurdunaldiagatik, erditu aurreko egunak ere kontuan hartuta. Kasu hauetan, aurretiazko kotizazioa eskatuko zaie 21 urtetik gorako langileei.
Abortatu duten emakumeei, berriz, ez zaie aurretiazko kotizaziorik eskatuko. Baja honek borondatezko zein gogoz kontrako haurdunaldi-eteteak barnebilduko ditu, osasun-sistema publikoan egindakoak. Abortatzeak eragin ditzakeen ondorio fisiko eta psikologikoez sendatzeko izango da. Bi kasu hauetan enpresak ordainduko du lehen baja-eguna, eta Gizarte Segurantzak hortik aurrerakoa.