Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak jakinarazi du gradu amaierako lan, master amaierako lan, doktore tesi, praktika, ebaluazio aldi eta hezkuntzako lan-eskaintza publikoak atzeratu egingo direla. Gainontzeko planifikatutako egutegi akademikoari eutsi egingo zaiola esan du.
Ikasturtea ekainaren 30ean amaitzeko asmoa dutela esan du Uriartek, 2. batxilergoko salbuespenarekin, uztailaren lehen astera luzatu baita maila horretako ikasleen egutegia. Eusko Jaurlaritza, Euskal unibertsitateak eta Kalitatearen Agentzia ikasturtea urrutiko prestakuntzarekin osatzeko lanean ari direla gehitu du, baina aurrez aurreko jarduera akademikoa ere izango dela.
Azpimarratu du ez dutela nahi ikasleak “kaltetuta” ateratzea, eta ez dutela aurreikusten inolaz ere koronabirusak ikasturtea errepikatzea, “ikasturtearen bilakaera txarra zeramaten ikasleen kasuetan izan ezik”.
Hezkuntzako lan-eskaintza publikoko frogari dagokionez, Uriartek ez du data berririk iragarri. Eusko Jaurlaritzak froga 2020an egiteko konpromisoa duela gogorarazi du, baina irailaren aurretik egitea "zaila" ikusten duela. Oposaketa horietan 1.148 lanpostu eskaintzen ziren; horietatik 1.021 Bigarren Hezkuntzako irakasleentzat, eta 127 Lanbide Heziketakoentzat.