argia.eus
INPRIMATU
Ekaineko giza katearen “mugarri” izango da Bilbo larunbatean
  • Gure Esku Dagok ekainaren 8ko giza katearen inguruko ekimenei hasiera emango dien agerraldia antolatu du larunbatean Bilbon. Giza Kateari begira ekitaldia “mugarri” izango dela iragarri dute antolatzaileek.

Ane Lusarreta 2014ko martxoaren 25
Naroa Iturri eta Xabier Euzkitze Gure Esku Dago-ren prentsaurrekoan Donostian (Arg: Gorka Rubio)

Datorren larunbatekoa ekainean Iruñea eta Durango batuko dituen giza katerako "jauzi berriak ahalbidetuko dituen abiapuntu sendoa” izango dela adierazi dute erabakitzeko eskubidearen aldeko taldekoek, eta dinamika abian jarri zenetik herrietan egin den lana erakusteko balioko duela esan dute.

Hainbat atalek osatuko dute Bilboko La Casillan egingo den ekitaldia: Herrietako lana bildu eta erakusten saiatuko dira; Europan erabakitze eskubidearen alde lanean ari diren nazioek ere izango dute beren lekua; ezberdinen arteko elkarlanak duen garrantzia azpimarratuko dute; eta giza katearen inguruko ezaugarri berriak plazaratuko dituzte.

Bilboko Arte Ederren Museoa eta La Casilla giza kate baten bidez lotu nahi dituztela iragarri dute antolatzaileek. Dinamikaren alde lanean ari direnen esanetan larunbatekoa “proba saioa” izango da, ekainaren 8an Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko egingo den giza kate erraldoiari begira.

Ekitaldiari amaiera emateko, egitasmoaren bideoklipa proiektatuko dute.