"Nazio gisa eskubideak aldarrikatu eta herri oso bat martxan irudikatzeko" deitu dute 2025eko ekainean Bilbon egingo den mobilizazioa. Euskal Herri libre eta kohesionatu bat osatzeko "denen artean eta elkar lagunduz" lan egin behar dela berretsi du mugimenduak.
Euskal Herri mailako mobilizazioaren deia luzatzeko, eta gaur egungo egoeraren irakurketa egiteko baliatu du Gure Eskuk Bagara ikus-entzunezko maratoia. Azaroaren 16an hamabi orduko bideo katea egin dute, eta aldi berean ekitaldi presentzialak izan dira Bilbon, Gasteizen eta Iruñean.
Eguneko lehen ekitaldia Bilboko Alondegian egin dute eta Herri Adierazpena irakurri dute bertan. Euskal Herri libre baten aldeko konpromisoa adierazi dute ekimenean. Kultura arloko zenbait pertsona bildu dira han, hala nola, Xabier Euskitze, Alaia Martin, Joxe Leon Kazabon eta Irati Odriozola, besteak beste. Aipatutakoez gain, 100etik gora izan dira “herri gisa aurrera egiteko konpromisoa” berretsi duten kultur eta kirol arloko sinatzaileak.
Bilbon irakurritako adierazpenean argi azaldu dute “orain” dela etorkizuna idazteko momentua. Oraina “aldakorra” eta, neurri handi batean “ziurgabea” ere badela azaldu duten arren, “herri oso bat aurrera egiten” ikusi nahi dutela nabarmendu dute, “lurraldez lurralde eta elkarren eskutik”.
“Geroaren gakoa” orain har daitezkeen erabakietan dagoela esan dute, eta “anbizioz” jokatu behar dela hurrengo belaunaldientzako etorkizun hobe bat eraikitzeko. Euskal herritar oro harro sentiarazteko herri duin bat lortzea da Gure Eskuren xedea.