argia.eus
INPRIMATU
Ekainaren 4an iraganen da Ziburuko Euskal Liburu eta Diskoen Azoka
  • Baltsan elkarteak eta ARGIAk elkarlanean antolaturiko azokaren hirugarren edizioa iraganen da Lapurdi kostaldeko hirian. Aurreko edizioen gisara, euskara hutsezko sorkuntzen topagunea izanen da.

ARGIA @argia 2022ko urtarrilaren 31

Iazko edizioaren balorapen baikorra eginik, errepikatuko dugu Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azoka. Gordetzeko data: ekainaren 4a. Hirugarren edizioa antolatzen gabiltza Baltsan elkartea eta ARGIA, euskara hutsean osaturiko sorkuntzei lekua egiteko helburuz.

Euskal Herri osoko argitaletxeak batuz, programazio kultural aberatsagoa eskainiz, eta musika zein diskoari leku handiagoa bideratuz, euskara hutsezko topagunea izanen da aurtengoa ere. Ondoko asteetan plazaratuko da egitarau zehatza.

Iaz 22 argitaletxe batu ziren Ziburuko plazan. Hego Lapurdi euskal hiztun andana biltzen dituen eskualdea da, baita Lapurdi barnealdea ere. Irundik Baionaraino, ordea, ez da euskarazko argitalpenei dedikaturiko liburu dendarik, eta orokorrean, Ipar Euskal Herrian oso gutxi dira euskarazko liburuak zein diskoak kausitzeko guneak. Ziburuko Azokak bere xumean erantzun bat eman nahi dio horri, oasi bat eskainiz erdararen basamortuan. Hala diote antolatzaileek: "Euskal giroak egun oso batez Ziburuko plaza hartzea da helburua, euskal liburu eta diskogintzaren aniztasun eta aberastasuna erakustea, eta espero dugu, muga gainditzeko ahaleginean, ARGIAk eta Baltsanek irekitako bidean elkartuko direla Lapurdi barnealdeko, kostaldeko, Bidasoaldeko eta Bortzirietako euskaldunak, baita urrunagokoak ere".

Iazko edizioaren kronika: "Gure ttipia handia dela baieztatzeko formula egokia".