argia.eus
INPRIMATU
Ekainaren 4an hasiko da Auñamendiko bigarren antzerki zikloa
  • Bost ikuskizun bilduko ditu Auñamendiko bigarren antzerki zikloak, ekainaren 4tik irailaren 24ra. Eskualdean zehar ibilaldiak ere antolatuko dituzte, inguruak eta usadioak ezagutarazteko.

Peru Iparragirre @peruiparragirre 2022ko maiatzaren 26a

Iaz egin zuten lehen aldiz Auñamendiko antzerki zikloa, Pirinioan. Joan den urtean abiatu zuten zikloa, udan zehar Auñamendi eskualdean euskarazko antzezlanak antolatuz. Aurten bost emanaldi izango dira, ekainaren 4tik irailaren 24ra bitarte. Emankizun bakoitzaren egunean, gainera, ibilaldi bana antolatuko dute.

Lauarin Dantza Taldeak sortutako ZuBi dantza-bideo-musika ikuskizunak zabalduko du zikloa ekainaren 4an. Ekainaren 11an, aldiz, bertsolaritza eta feminismoa lantzen duen eRRe ikuskizuna emango dute. Uztailean sarturik, 16an Hiru kortse azukre asko eta brandy gehiegi antzezlana eskainiko dute, eta astebete beranduago Nafarroa Garaian estreinakoz, Formol laborategiko lagunek antzezten duten Album ikuskizuna. Lau emanaldiok Auritzeko Kultur etxean izango dira, arratsaldeko zazpitan. Dorleta Kortazarren 80 amandre istorio sortak itxiko du zikloa irailaren 24an, Aribeko Juntetxeko sabaian.

Ibilaldi zikloari dagokionez, bertako tokiak eta usadioak ezagutaraztea dute helburu eta euskaraz gidatutako 5 ibilaldi egingo dituzte emankizunen egunetan. Ibilaldiek Aribe eta Zubi zintzilikaria, Auritz sorgindua, Sorogaingo parajeak, Iturissa eta Aezkera ezagutzeko parada emanen digute, bertako elkarteen laguntzarekin.