argia.eus
INPRIMATU
Ekainaren 3an: UPNk kateak funditu nahi ditu bere arragoan
  • Ekainaren 3an manifestaldia izango da Iruñean, Gurea Defenda Dezagun plataformak eskatuta, Nafarroako Gobernuak ez dakigu noiz debekatu omen duen Erreinuko bandera defendatzeko asmoz, edo ikurrina eraikin publikoetan eskegitzea debekatzen zuen legea berreskuratzeko asmoz, auskalo zein askatasunen harira.

Aitor CastaƱeda Zumeta @aitorcastanedaz 2017ko maiatzaren 18a

Kuriosoa leloa, elebiduna gainera, 1900 urte aldera Arturo Campión euskaltzale nafarrak paper batean marrazturiko sinboloa Espainiako atxikimendu sendoenaren defentsarako erabiltzea. Amnesia historikoak jota, horra alderdi defendatzaileak, hurrenez hurren, Nafarroaren nortasuna tinko mantentzeko asmoz:

UPN, navarrísimo delakoa eta Plataformaren bultzatzailea baino erdaldunago, bere hauteskunde-porrota onartu ez eta euskal kiratsa darion edozeri muzin egiten diona, afiliatu kopuru bat Nafarroako mendietan erosi behar izan baditu ere, Berrian euskarari laudorioak botatzeko eta handik bi hilabete eskasera Zizur Zendea zonalde elebidunetik indarrez ateratzeko, El Español eta Diario de Navarraren sostengua bide. Iparraldean gauza bat, hegoaldean beste bat, eta beti Iparrik gabe.

PPN, Nafarroan aurrekoarekin zuen paktua desegitean Parlamentura lau  ordezkarirekin istripuz iritsi zena, oraingoan horien erdia ere galdu duela. Paktuen eta akordioen sinbolo gisa aurkezten da ordea, gizarte Nafarraren %10a ordezkatzera ailegatzen ez bada ere, eta Aragoiko buru bat jarri behar badu ere, alderdia nora begiratzen duen argi geratuko ez bada.

Ciudadanos delakoa, Euskal Autonomia Erkidegoan Herritarrak, Nafarroan bakarrik Ciudadanos, eta batean zein bestean “ciudadanas” direnak euskara bezainbeste maite dituenak, ekainaren 3ko manifestazioaren printzipioen erdia ere defendatzen ez duena: nafar instituzioen mantentzea hain zuzen, komunitateari autonomia erdia eta kontzertu ekonomikoa kendu nahi dizkiolarik. Ciudadanos Nafarroaren “erdia” da: hizkuntza bietatik bat, sexu bietatik bakarra eta Nafarroaren eskuduntzetatik erdia baino sostengatzen ez dituena. Ordezkarietan, makalago ei dabil, hutsaren hurrengotik oraindik.

Amaitzeko, PSN daukagu, duela 3 bat urtez oposizioa izatetik PPNk baino irudi eskasagoa izatera pasa dena, eta azken unean manifestaldira salto egin duena akaso Madriletik hala eskatuta. Franko dira PSOEn Nafarroaren hitzarmen ekonomikoa euskara bezainbeste maite dutenak, baina PSNri bost (Nafarroako Parlamentuan dituzten diputatuen kopuruaren zenbakia ia): navarrísimoen lasterketan inor ez dago soberan, Nafarroa non dagoen ere ez dakitenak ongi etorriak baitira festara.

Errespetagarria da norbera manifesta dadila nahi duen beste, eta nahi duela eskuetan, baldin eta ikurrina esku-artean ez badu behintzat, terrorismoa ez ote den izango. Ziur nago Nafarroarenak ez diren ikur gehiago ikusiko ditugula bertan ordea, gorriez gain, gorri-horiak, horiek baitira Nafarroaren benetako ikurrak. Batez ere azkena, eta noski, gazteleraz.

Aitor Gaztainaga