argia.eus
INPRIMATU
Onkologia Osakidetzan integratuko dute ekainaren 30erako
  • Alberto Martínez Jaurlaritzarne osasun aholkulariak jakinarazi du erabakia, Gasteizeko Legebiltzarrean. Langile guztiak subrogatuko dituztela ere esan du. 

Unai Lomana Uribezubia 2025eko otsailaren 19a
Alberto Martinez adierazpenak egiten Irekia.euskadi.eus

EH Bilduk egindako eskaria betez hartu du hitza Martínezek legebiltzarreko Osasun Batzordean, Naizek jaso duenez. Onkologikoa, beraz, titulartasun publikoko baliabide gisa integratuko da Osakidetzan, bai organikoki zein funtzionalki; eta horri 2027an Protonterapia zentroa gehituko zaio.

EH Bildu koalizioko Rebeka Uberak adierazpen kritikoak egin ditu batzordean: "[azken urteetan] Onkologikoa suntsitzen joan da eta jada ez da zena, ez da minbiziaren esparruan erreferente gisa iragarri zen ospitalea". Onkologikoak zuen garrantzia azpimarratu du: "Zeukan balio erantsia, bere jarduera, pazienteentzako kalitatezko arreta, bere prozedurak, hori guztia deuseztatuz joan da eta Onkologikoa Osakidetzan sartu denean; zeuden jardunbide egoki guztiak suntsitu dira".

Alberto Martinezek prozesua "konplexutzat" jo du ikuspegi administratibo, juridiko eta laboraletik, baina begi onez ikusten duela dio. Ziurtatu du "garapen sanitarioaren horizontea irekiko" duela, euskal gizarte osoan "eragin positiboa" izango duela eta  "Euskadi onkologiaren arloan nazioartean kokatzeko aukera" emango duela. Aldaketaren ondorioak raba, Bizkaia eta Gipuzkoatik harago kokatu ditu. "Osasun-zentroak Gipuzkoari, Bizkaiari, Arabari, Nafarroari eta baita Iparraldeari laguntza ematea du helburu", eta 2027rako "estatuko lehenengo gaixoak artatzea" aurreikusi du. 

Integrazioak 297 langile berri eramango ditu Osakidetzara, osasun arlokoak zein bestelakoak eta horietatik 232 finkoak dira, Martínezek azaldu duenez. Kontratazio berri horiek "osasun zentroan indarrean dagoen hitzarmen kolektiboa errespetatuz" egingo direla esan du; hala ere, "hitzarmen kolektibotik kanpoko banakako akordioei lotutako langileak eta goi-zuzendaritzako kontratuei lotutakoak" kontratazio bermeetatik kanpo geratuko direla adierazi du.