argia.eus
INPRIMATU
Ekainaren 2an izanen da Euskal Herria Kantuz eguna, Iruñean
  • Euskal Herria Kantuz eguna antolatu dute Orreaga Fundazioak eta Euskal Herria Kantuz sareak ekainaren 2rako. Egitarau zabala aurkeztu dute, Euskal Herri osoko kantu taldeak gonbidatu dituzten egun berezirako.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2018ko maiatzaren 28a

10:00etan eginen diete ongi etorria Euskal Herri osotik iritsitakoei; gero, 10:40an, kantujira hasiko da eta, 11:15ean, Iruñeko udaletxe plazan batuko dira bertsolariak eta Zabaltza-Ihidoi kantu bikotea kantujirarekin. Goiz osoan, Iruñeko erdiguneko kaleak zeharkatuko dituzte kantu saioekin eta dantzekin: 11:15ean San Frantzisko plazan izanen dira; 13:00etan, Sarasate pasealekuan eta 13:30ean, Carlos III. etorbidean. Amaitzeko, 14:40an, herri bazkaria eginen dute, Salestarren patioan. Izena eman behar da.

Urtez urte, kantuaren bueltan

Euskal Herria Kantuz sareak antolatutako zortzigarren eguna izanen da aurtengoa, 2011an Iparragirre kantuz eguna antolatu zuenez geroztik, urtero-urtero hitzordua jarri baitu -2012an, Tuteran, 'Nafarroa bizirik' eguna; 2013an, Donostian, 10. urteurrena; 2014an, Bilbon, 'Zazpiak oihal beretik'; 2015ean, Baionan; 2016an, Biarritzen eta Donostian; eta, 2017an, Gasteizen, 'Araba, zazpigarren alaba'-. 

Koldo Amatria Euskal Herria Kantuz sareko kideak azaldu duenez, hiru helburu nagusirekin batzen dira kantu taldeak: "Kantatzeko ohitura berreskuratzeko, euskal kantugintza ondare gisa hedatzeko eta kalez kale kantatzeko dinamika horien bitartez, euskararen erabilera bultzatzeko".

Albistea Euskalerria Irratiaren webgunean argitaratu da eta ARGIAra ekarri dugu CC by-sa lizentzia baliatuta