argia.eus
INPRIMATU
Ekainaren 2an estreinatuko da Juanba Berasategiren azken filma, ‘Nur eta herensugearen tenplua’
  • Apirilean hil den zinegilearen azken proiektua zen Toti Martinez de Lezearen nobelan oinarrituriko animaziozko lana.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2017ko maiatzaren 08a

Lotura Films ekoiztetxearen eskutik iritsiko da pantaila handietara Nur eta herensugearen tenplua, Txinara bizitzera joan den haur baten istorioa.

Han lagun berriak egingo ditu eta horietako baten urtebetetzea ospatzen ari direla, desagertu egingo da. Galdutako adiskidea aurkitzeko, labirinto batean sartu beharko du Nurrek.

Toti Martinez de Lezea idazlearen izen bereko nobelan oinarritu dira filma egiteko. Eneko Olasagastik moldatu du testua filmeko gidoira eta Joserra Senperenak sinatu du soinu-banda.

Hain zuzen, Berasategi hil ondoren harekin egindako lanaz jardun zuen Senperenak Euskadi Irratian: "Juanba beti zegoen prest proiektu berriez hitz egiteko", azaldu zuen. "Beti uzten zidan askatasun osoa musika egiteko, entzuten bazekien tipoa zen".

Filmaren trailerra eta making of-a

Estreinaldia iritsi bitartean, Lotura Filmsek sarean jarri ditu filmaren trailerra eta making of-a.