Stonewalleko istiluen 50.urteurrenerako urtebete falta denean, Ekainaren 28ko koordinadora sortu da Gasteizen eta asanblada ezberdinak egin dituzte azken hilabeteetan. Aurtengo manifestazioari “kutsu serioagoa” emango diote, baina jaiaz gozatzeko aukera egongo da.
2018ko ekainaren 28a, osteguna. Egun horretan, historia osoan zehar gogoratuak izan diren 1969ko Stonewalleko istiluen 49.urteurrena izango da. 2019a, beraz, oso zita garrantzitsua izango da: 50. urteurrena.
Gay, lesbiana, transexual edo sexu disidente ororen askapenerako mugimenduaren sorrera izan zen egun hura eragile askoren iritzitan. Gaur egun mundu osoan LGTBIQ+ Harrotasunaren Eguna izenekoa. Injustiziaren, diskriminazioaren eta gizarte eta poliziaren etengabeko jazarpenaren kontrako herritarren altxamendutik sortu zen egun horren ospakizuna. Ondorioz, eskubide zibil eta eskubide sexualen aldeko mugimendua sortu zen mundu osoan.
Maiatza aurretik hasi zen Gasteizko talde bat biltzen aurtengo ekainaren 28a prestatzeko. Bilera ireki askoren ostean, Ekainaren 28ko koordinadora sortzea erabaki zuten. Talde horretatik, Hala Bediri adierazi diotenez, “oso positiboki” baloratu dituzte eguna prestatzeko bilerak.
Asanblada irekiak egiteko beste arrazoi bat aipatutako Stonewalleko istiluen 50.urteurrena da: Ekainaren 28a, egun gisa, nahiko “flojo” ikusten zuten eta baliteke hau hauspoa izatea.
Manifestazioa eta jaialdia
Ostegunean, 20:00etan manifestazioa egingo dute, Andra Maria Zuriaren plazatik abiatuko dena Kapitalismo arrosari sua. No estamos en venta lelopean. Honekin bat egiteko, zutabe ezberdinak egongo dira eragile ezberdinek mobilizazio nagusiarekin bat egiteko.
Azken urteetako manifestazioak umore edo jai giro batean kokatu direnez, aurten “kutsu serioago bat” eman nahi izan diote egunari. Manifestazioan zehar gauza ezberdinak salatuko dituzte: kapitalismo arrosa, estetikaren bortizkeria, elizaren jazarpena, identitate errekonozimenduaren ukatzea edo alderdi desberdinen pinkwashinga. Hau da, ez dute ahaztu nahi borroka hau nondik datorren: “Hau guztia hasi zen modu berdinean jarraitu behar dugu borrokan”.
Foru plazan manifestazioa amaitu bezain laster, Gaztetxean jaialdi bat egingo dute: Abesbatza Feminista, Ni Yuta Ni Tuya, DJ Tarantistak…
Albiste hau halabedi.eus-ek argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.