argia.eus
INPRIMATU
Moncloak atzera egin eta uztailaren 1a arte ez du zabalduko Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko muga
  • Espainiako Industria ministro Reyes Marotok ekainaren 22ko data berria eman eta bi ordura atzera egin du Sánchezen exekutiboak eta muga uztailaren 1a arte itxita egongo da.

ARGIA @argia 2020ko ekainaren 04a
G7aren Biarritzeko goi bilera gauzatu bitartean egindako protestetako bat, Irun eta Hendaia arteko zubian (Argazkia: Dani Blanco)

Espainiako Industria ministro Reyes Marotok eman du ekainaren 22ko dataren berri, nazioarteko hainbat hedabideren aurrean. Moncloak bi ordu geroago zuzendu egin ditu ministroaren esanak eta lehendik aurreikusitako datari heldu dio: uztailaren 1a.

Martxotik itxita dirau Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko mugak, eta ordutik alde bateko eta besteko biztanleek salbuespen arrazoiekin soilik igaro ahal izan dute mugaz bestaldera. Reyes Maroto Espainiako Industria, Merkataritza eta Turismo ministroak ekainaren 22ko data aipatu du ostegunean egindako agerraldi batean, bi aldeetako lurralde erakundeen eskariari kasu eginez. Berri hori ematearekin batera, jakinarazi da muga zeharkatzen duten iparraldeko biztanleak ez direla berrogeialdian jarriko, hasiera batean asmo hori agertu bazuen ere Espainiako Gobernuak. Nolanahi ere, gaur gaurkoz eta Moncloaren zuzenketaren ondoren, uztailaren 1a arte ezin izango da muga igaro modu librean.

Espainiako Gobernuak uztailaren lehenetik Europar Batasuneko herritarrei mugak zabaltzeko asmoa du, turismoari bide emateko. Pauso hori eman baino lehen Frantziako eta Portugalgo mugak zabaltzea egokitzat jo du Marotok eta testuinguru horretan aipatu du data aurreratzea.