2015eko abenduaren 5ean alde zaharreko eraikin bat okupatu zuten hainbat gaztek. Udalarekin hitz egin ostean, urtarrilaz geroztik, Caparrosoko txaletera joateko prest agertu da Iruñeko gaztetxea. Proiektua garatzeko ezaugarri fisiko “egokiagoak” betetzen ditu eraikin berriak.
Alabaina, prozesuak baditu bere korapiloak: Udalak hitz eman zien denbora laburrean aldatuko zirela eraikinez baina prozesua luzatu egin da, “klase menderatzaileek diseinaturiko arautegiak eta oztopoak” medio.
Leku aldaketa moteldu egin da, eta azken lau hilabeteetan Geroa Baik eta Nasuvinsak –Nafarroako Gobernuaren Hirigintza erakundea– izandako jarrera salatu du gaztetxeak prentsari bidalitako ohar batean: “Hasieratik gaztetxearekiko gaitzespena eta desalojatzeko mehatxua azaldu dute”.
Instituzioen eta herri mugimenduen erritmo ezberdinak
"Prozesu honek gure hasierako irakurketa berretsi besterik ez du egiten, hots, instituzioek eta herri mugimenduek erritmo ezberdinak dituztela eta batzuk ezin direla besteengandik gailendu. Oztopo legal horiek gaindikatzeko herri mugimenduaren aldeko borondatea azaltzen ez den bitartean, batak bestea mugatzen du. Guztiagatik, beste behin ere, benetako aldaketa, halabeharrez, kaletik, herri boteretik, jaioko dela aldarrikatzera gatoz; eta berau, ahalduntze kolektiboa oinarrian duen prozesu baten bidetik soilik etorriko dela. Era berean, orain arte izandako lorpenak, kaletik datorren ahalduntze horri esker erdietsi ditugula argi dugu, okupazioari esker", esan dute Gaztetxeko kideek.
Baikor aztertu dute orain arte egindakoa, "eraldaketa sozialerantz urrats txiki, baina beharrezkoak eman nahian, sakoneko proiektu bat" landu dutelakoan daude.
"Egun, auzoa, autogestioa eta autoantolakuntza herritarra oinarrian dituzten borroken partaide gara, besteak beste, patriarkatuaren aurkako borroka, elikadura burujabetza, soldatapeko lanari kritika, etxebizitza eta gazte emantzipazioa, kultura askea eta herritarra, errepresioaren salaketa eta euskara bultzatzea", adierazi du Gaztetxeko Asanbladak.
Ekainaren 18rako "ekintza eta jarduera ezberdinez osaturiko egun osoko egitarau oparoa" iragarri dute, bai eta "kontzertu itzelak" ere.
Albiste honen zati bat Euskalerria Irratiak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.