argia.eus
INPRIMATU
Ekai ondarrutarrari buruzko dokumentalak zabalduko du Zinegoak jaialdia
  • Bere buruaz beste egin zuen Ekai nerabeari buruzko Mi pequeño samurai dokumentalaren estreinaldiak irekiko du aurtengo Zinegoak jaialdia: transexualitatearen gaineko tabuak apurtu eta kontzientziatu egin nahi dute filmeko zuzendariak eta Ekairen gurasoek.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2020ko otsailaren 11

Inoiz iritsi ez zen hormonen tratamenduaren zain egoteak bere heriotzean eragina izan zuela diote gurasoek eta tratamendu hauek lehenago bideratzeko eskaera ere izan nahi du film laburrak. “Jendeak transformismoa, trabestismoa, transgeneroa, transexualitatea nahasten ditu. Jendea beti dago genitaletan pentsatzen eta gehiago pentsatu beharko genuke pertsonen sentimenduetan”, esana du Arantza Ibarra filmaren zuzendariak.

“Bizitzeko hamaika modu”

Sexu orientazioaz harago, lehen planoan egon ohi ez diren sexu aniztasunaren elementuei ikusgarritasuna eman nahi dio aurtengo edizioak, genero identitatea esaterako. Hala, “izateko, sentitzeko, maitatzeko eta bizitzeko hamaika modu” da Bilboko Gaylesbitrans 17. Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen leloa.

Otsailaren 24tik martxoaren 8ra, 22 film luze lehiatuko dira Sail Ofizialean, hiru kategoriatan (fikzio luzeak, dokumental luzeak eta proposamen narratibo ausartak). Horrez gain, 45 film labur eskainiko dituzte eta Euskal Herriko 13 lan izango dira.

Otsailaren 24ko inaugurazioan, Mi pequeño samurai estreinatzeaz gain, Pepa San Martín zuzendari txiletarrak Ohorezko Saria jasoko du Arriaga antzokian. Txiletarraren zinema “konprometituta eta enpoderatua” saritu nahi du jaialdiak: “Pepa San Martínen filmografiak eskema zaharrak irauli nahi ditu, elkarrizketak ireki”.

Jaialdia Bilbon amaitutakoan, Euskal Herriko 60 herritara zabalduko da Zinegoakeko eskaintza.

 

 

 

Aurtengo kartelaren irudia.