Kirol eta kultur munduko hainbat kidek EITBko zuzendaritzari kazetariei agindua emateko eskatu diote, alegia, euskaldunei, izan ospetsu izan anonimo, ez diezaietela eskatu gaztelaniaz egiteko, eta agindua bete dadin neurriak har ditzatela. Euskal Herri osorako ekimena da.
Gutuna idatzi diote EITBko zuzendaritzari eta eskutitzak dioenez, ETB2 kateko albistegietan bereziki, eta oro har gainerako programetan, euskal hiztunei ematen zaien tratuarekin kezkatuta daude. Hiztun ospetsuak eta anonimoak gaztelaniaz egitera behartzen dituzte. Praktika horrek bi ondorio dituela uste dute: “Batetik, desitxuratzen du Euskal Herriaren mapa linguistikoa, euskararen arnasgune diren herrietan gaztelania entzutea normala balitz bezala agertuz, inguru ez hain euskaldunetan euskara dakienari edo ikasi duenari bere dohaina agertzea debekatzeaz batera; eta, bestetik, ETBren sorreran zegoen helburu nagusietakoa boikoteatzen du, hots, euskararen normalizazioa, erdarazko albistegietan euskal hiztunak desagertzen diren neurrian”.
EITBko zuzendaritzari eskaera egiteaz gain, herritar guztiei zabaldu die mezua, hau da, adierazpenak eskatuz gero euskaraz baino ez egiteko.
Ekimena Lea-ArtiBAI Euskarari elkarteak eta UEMAk bultzatu zuten iaz. Ondoren, Urola Kosta eskualdea batu zitzaien. Orain, prentsaurrekoan, kirol eta kultur munduko hainbat kidek hartu dute parte, besteak beste, Andoni Egaña, Pako Aristi, Itziar Ituño, Gaizka Garitano, Aitor Gorosabel, Ramon Agirre, Mikel Markez, Amets Arzallus, eta Iñaki Artolak. Ekimena Euskal Herri osora zabaltzea da asmoa.
Gai honen inguruan Argian, 2014ko abenduan, Marijo Deograciasek egindako erreportaje mamitsua irakur dezakezu hemen.