argia.eus
INPRIMATU
EITBren gaztelaniazko kateetan euskara gehiago agertuko dela dio Iturbek
  • Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusiak adierazi du “gero eta gehiago” agertuko dela euskara EITBren gaztelaniazko kateetan. Igandeko Berrian argitaratutako artikulu batean azaldu duenez, “modu oso natural batean” hasiko dira aldaketa egiten.

ARGIA @argia 2013ko azaroaren 18a
Maite Iturbe, EITBko zuzendari nagsusia (argazkia: EITB).

Gaztelaniako kateez gain, euskarazkoetan zer egingo duen ere azaldu du Iturbek: “Programazio berriko ia hamar ordu gehiago egongo dira egunero ETB1en, ETB3 indartu egingo dugu haur eta gazteentzako kate modura, eta euskarazko programazio-tarte handiagoak egongo dira etorkizuneko ETBHDn”.

Irratien arloan, Iturbek gogorarazi du euskal kasua “oso berezia” dela, irrati-merkatuko kuotaren %40 daukan beste enpresa publikorik ez dagoelako bere esanetan. Eta hori kontuan edukita, “hazteko” aukerak badirela uste du EITBko zuzendariak, “bereziki Bizkaian”.

Jaurlaritzaren aurrekontuen %1

2014ko EAEko aurrekontu proiektuan EITBk %1eko pisua daukala dio artikuluak. Diru hori ikus-entzunezko euskal industrian  eginiko inbertsioa izatea jarri du helburu eta horretarako Jaurlaritzaren ekarpenak bertako enpresetan inbertitzea lehenetsi du.

EITB berriro pentsatu

Aurten hasi eta 2016ra bitartean lan egiteko prestatutako plan estrategikoaren berri ere eman du Iturbek. “EITB berriro pentsatzera bultzatzen du” plan horrek, “egungo erronkei” aurre egin ahal izateko.

BBC Scotland/Alba jo du eredutzat Iturbek, daukan multimedia ikuspegiarengatik; baita BBCren multimedia sail orokorra ere.