argia.eus
INPRIMATU
EITBren egoitzaren aurrean kontzentrazioa egingo dute nazioarteko filmak euskarara itzultzeko aldarrikatzeko
  • (H)itzartu EITB ekimenak maiatzaren 20rako elkarretaratzea deitu du, Stop betoari! Nazioarteko filmak euskaraz! lelopean. Ekimenaren ustez ikus-entzunezkoen eskaintzak garrantzi handia du hizkuntza biziberritzeko, eta salatu dute gaur egungo ikus-entzunezkoen politikak herritarren eskubideak urratzen dituela.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko maiatzaren 10a
(H)itzartu EITBk uste du "urgentziazkoa" dela EITBk euskarazko ikus-entzunezko edukien eskaintza zabal eta erakargarria egitea.

Stop betoari! Nazioarteko filmak euskaraz! lelopean elkarretaratzea egingo dute EITBren egoitzaren aurrean maiatzaren 20an, 12:00etan izango da, eta (H)itzartu EITB ekimenak egin du deialdia. 

Ekimen hau 2021eko abenduan sortu zen, euskarazko ikus-entzunezkoen aldeko mugimendutik. EITBren "sakoneko eraldaketa" proposatzen dute. Ekimenaren ustez, ikus-entzunezkoen eskaintzak garrantzi handia du hizkuntza biziberritzeko eta hizkuntza estandar informala eraikitzeko. Horregatik, uste du "urgentziazkoa" dela EITBk euskarazko ikus-entzunezko edukien eskaintza zabal eta erakargarria egitea, gaur egun euskarazko fikzioaren eskaintzarik ez dagoelako.

Salatu du urteak direla ETBk nazioarteko edukiak euskaraz eskaintzeari "betoa" jarri ziola, eta euskarazko bikoizketa programazio-parrilatik baztertu zuela. (H)itzartu EITB ekimeneko kideentzat ez da onargarria audientziak hobetzeko euskara eta euskarazko bikoizketa baztertzea.

Hala, erakundeei egungo ikus-entzunezkoen politikak birpentsatzeko deia egin diete, indarrean daudenek herritarren eskubideak urratzen dituztela eta hizkuntzari kalte egiten diotela iritzita.