"EITB euskalduna, zuzendaritzatik hasita!" lelopean, otsailaren 25ean egingo dute elkarretaratzea, asteartean, EITBko ELA, LAB eta ESK sindikatuek nahiz Aldatu Gidoia ekimenak deituta.
Hiru sindikatuek eta ekimenak sinatutako komunikatuan, salatu dute EITBko zuzendaritza-postuak hautatzeko prozesuetan ez direla "euskararen ezagutzaren eskakizuna" betetzen ari, eta hiru ardura postu esleitu direla eskakizun hori betetzen ez duten hiru pertsonari: EITB Mediako Zuzendaritza, EITBko Social Mediaren eta eitb.eus-en Zuzendaritza, eta Zuzendaritza Komertziala. Are gehiago, atera berri diren deialdietan jada ez dela euskarazko C1 maila eskatzen salatu dute.
Beraien arabera, honek guztiak 2013tik EITBn indarrean dagoen euskara plana "zapuzten" du, eta planaren helburuei eraso egin, hau da, "euskararen erabilera sustatzea eta gizartearen aurrean proaktiboki jokatzea euskararen sustapenean". Egungo egoera "salagarria eta larria" dela adierazi dute, eta horren aurrean deitu dute otsailaren 25eko elkarretaratzea, "gutxieneko aldarrikapena" baita zuzendari eta arduradun guztiek euskara menperatzea.
Hortaz, deialdiarekin bat egin duten eragileek EITBko Zuzendaritzari exijitu diote euskararen eskakizuna "kolokan" utzi den postu guztietako prozesuak zuzendu ditzan. EITBren Bilboko egoitzaren aurrean egingo den kontzentraziora batzeko dei egin die "oinarrizko hizkuntz eskubideak bermatzearen alde" dagoen orori.