argia.eus
INPRIMATU
EITBn aplikatzen den “zentsura” salatu du taldeko enpresa batzordeak
  • EITBren eraikinaren aurrean Maddalen Arzallusi babesa adierazi eta hedabide "publiko eta anitza" eskatu du enpresa batzordeak. Faktoria programatik ezabatutako bertsolariaren estrofak izan dituzte hizpide eta hedabideak "irizpide politikoen eta ideologikoen arabera" funtzionatzen duela kritikatu dute.

Uriola.eus @uriolaeus 2022ko urriaren 25
Argazkia: Bilboko Uriola

Maddalen Arzallusen bertsoen ezabatzearekin batera beste hainbatetan erabili den zentsura salatu du EITB Media Enpresa Batzordeak taldearen eraikinaren aurrean. Bertsolariaren kanta Gobernuaren "irizpide politiko, ideologiko moralen arabera" ezabatu dela salatu dute eta ardura EITBko zuzendaritza nagusiari leporatu diote. EITB hedabide publikoa eta anitza izan dadila eskatu dute Administrazio Kontseiluaren bilera zegoen ordu berean eta babesa adierazi diote Maddalen Arzallusi.

Arzallusek Faktoria saioan egindako bertso musikatu batzuk eitb.eus ataritik eta EITBren sare sozialetatik kentzeko agindua eman zuen zuzendaritzak joan den astean. Arzallusek, Ion Kepa Parot (71 urte ditu, eta urriaren 13an utzi zuten aske baldintzapena, kartzelan 32 urte egin ostean) preso ohiaren kasua hartu zuen abiapuntutzat. Enpresa Batzordearen esanetan, zuzendaritzak ez zituen bertsoak gustuko izan eta "irizpide politikoen eta ideologikoen arabera" ezabatu zituzten.

Praktika "ohikoa" dela salatu dute: "Ohikoa da Eusko Jaurlaritzari komeni ez zaizkion eta EAJren irudia kaltetu dezaketen albisteak ez ematea; De Miguel auziarekin, Alonsotegiko EAJko hiru alkate ohi ustelkeriagatik inputatu izanarekin edo AHTaren inguruko azken informazioekin gertatu bezala".

Horri gehitu diote saio batzuetako elkarrizketatu, gonbidatu edo lehiakideak Altsasukoak aske! edo Independentzia lelodun kamisetak kentzera behartu izan dituztela. Beste aldean, Blue lives matter (polizien aldeko eskuin muturreko leloa) mezuko kamisetak zentsuratu ez direla salatu dute.

Sinesgarritasun eza

Komunikabidearen audientzia neurketak onak ez direla baieztatu dute elkarretaratzean, eta horretarako hainbat arrazoi azaldu dituzte. Zentsura kasuen harira, EITBk "ez du irudi onik, ezta sinesgarritasunik". Joera aldaketa eta hausnarketa beharrezkoa da enpresa batzordearen ustez, eta EITBko zuzendaritzaren gain jarri du erantzukizuna.

Esperantzarik ez dute erakutsi, ordea: "Orain arte jaso ditugun erantzunak kontuan hartuta, ez dugu jarrera aldaketarik espero, eta, tamalez, ziur gaude EITBko zuzendaritzan erabakiak irizpide politikoen eta interes alderdikoien arabera hartuko direla aurrerantzean ere".