EITBren ikusle datu txarrak eta enplegu erregulazio espedientea bultzatzea egozten diote Eusko Legebiltzarreko taldeek, EAJk izan ezik, Maite Iturbe zuzendariari. Gasteizko plenoan EH Bildu, PSE-EE, PP eta UPyD taldeek Iturberen dimisioren alde bozkatu dute.
Zuzendaria kargutik kentzearekin batera, Javier Salcedo giza baliabideen zuzendaria kaleratzea ere eskatu dute oposizioko taldeek, EITBko pertsonalaren politikan duen arduragatik.
Hala ere, Legebiltzarraren gehiengoak dimisioen alde bozkatzeak ez du esan nahi hauek gauzatuko direnik. Bozketa ez da loteslea eta erabakia Jaurlaritzak hartu beharko du. Bestalde, EITBren administrazio kontseiluaren bi herenek Salcedo eta Iturbe kargutik kentzea eskatu dezakete, baina erabaki hau ere Urkulluren gobernuak berretsi beharko luke.
Enplegu erregulazio espedientea atzera botatzea ere eskatu dute oposiziotik. Erabaki honek EITBko 79 langileri eragiten die kaltetu eta enpresa komitearen esanetan. Espedientea zuzenean lotuta dago EITBk ateratako 46 posturen lan eskaintza publikoarekin.