EITBren erreformarako Gasteizko Legebiltzarrean sortutako lantaldeak EITBko langileen artean inkesta egin du. Berriak hainbat datu esanguratsu jakinarazi ditu, tartean politika informatiboari, barne demokraziari edo euskararen sustapenari dagozkionak.
EITB taldeak dituen mila inguru langileetatik 412k erantzun diote inkestari. Politika informatiboaren inguruan langileek duten iritzia da datu azpimarragarrienetakoa. Langileen %74,4k uste du taldeak ematen duen informazioa Eusko Jaurlaritzaren aldekoa dela; %16,1aren iritziz ez da horrela.
Barne antolaketa eta demokraziaren inguruko galderarik ere jasotzen du inkestak. Egun, EITBren zuzendaritza Gasteizko Legebiltzarrak aukeratzen du gehiengo osoz. Aldiz, inkestan parte hartu duten langileen gehiengoak bestelako eredu baten alde egiten du. %61,2k uste du “EITBko eta sektoreko profesionalek”, sindikatuek, alderdi politikoek eta jendarte zibileko mugimenduek osatutako gune batek aukeratu beharko lukeela zuzendaritza. Gaur egungo eredua mantentzearen alde %13,6 azaltzen da.
Euskararen inguruan
Inkestaren emaitzen arabera, EITB euskararen alde egiteko “tresna estrategikoa” da taldeko langileentzat. Oro har euskarazko eta gaztelerazko telebista kanal bana egoteari egoki deritzote langileak. Baina gaztelerazko ETB2-n euskarari presentzia handiagoa ematearen alde ere azaldu dira: gaztelerazko azpidatziez lagunduta euskara gehiagotan erabiltzea “oso ondo” legoke langileen %46aren arabera; “ondo” %27,2arentzat; “nahiko txarto” %13,8aren ustez; eta “oso txarto” %5,8aren iritziz. Beste galderetako bat ETB2-n eta Radio Euskadin euskaraz “osorik edo parte batean” liratekeen programak emateko aukeraren ingurukoa izan da. Langileen %35,4k “oso ondo” ikusiko luke; %26,2k “nahiko ondo”; %19,4k “nahiko txarto”; eta %10,4k “oso txarto”.